Harrera familien berotasunean
Bizkaiko Foru Aldundiaren Harrera Familien Progamak 20 urteko ibilbidea bete du. Gaur egun, 318 adingabe daude harrera familien etxeetan.
Harrera familia izatea erabakitzen duten familiek prozesu bat burutu behar dute. Lehen pausoa telefonoz informatzea izaten da. Ondoren, hitzaldi batean parte hartzen dute azalpen zehatzagoak hartzeko. Formakuntza Aurrera jarraitzea erabakiz gero, balorazio prozesua hasten dute. Horretan, gizarte langileekin pare bat elkarrizketa egin, eta beste bizpahiru saio egiten dituzte psikologoagaz. Ostean, lau bat saiotan formazioa eskaintzen diete; lau bat astez, astean arratsalde batez. Era berean, harrera familien etxeetara joaten dira teknikariak. Saio eta bisita horietan bildutakoagaz eta ikusitako guztiagaz osatzen dute balorazioa. “Harrera familia izateko egokiak diren edo ez aztertzen da, eta aldundiari balorazioa igorri eta aldundiak berronetsi behar du”. Lauzpabost hilabeteko prozesua izaten da. Elkarrizketa batetik bestera hamar bat egun-edo pasatzen dira. “Familiei informazio asko ematen zaie, eta dena barneratzen joateko, hausnartzeko denbora behar dute; barrua asko mugitzen zaie”. Ondoren, egokitzapenerako unea ailegatzen da. Hau da, apurka-apurka harrera familiak eta umeak elkar ezagutzea, elkarbizitza hasi aurretik. Gizarte hezitzaile gehienak esku hartzeko taldean daude. Eta balorazio prozesua gaindituta, egokitzat jo dituzten familiak poltsa batean sartzen dira. Halaber, harrera familietan egoteko egokiak direnenen zerrenda ere badute. Hiru parteekin lan egiten dute aldundiaren Harrera Familien Programako teknikariek: umeekin, familia biologikoekin eta harrera familiekin. Harreman estua dute. Profesional horiek orientazioa eskaintzen diete. Esate baterako, bikoteen kasuan, gutxienez urtebete elkarregaz bizitzen egon eta gero programagaz hastea gomendatzen diete. “Teknikoki ematen ditugun aholkuak dira, gero prozesua hobeto irteteko”. “Ume bat harreran hartzeak denean eragiten du, dena aldatzen du, egunerokotasuna nahasten da zelanbait. Beraz, arlo guztietan egonkortasun bat izatea ezinbestekoa da: ekonomikoa, etxebizitza… Funtsezkoena emozionalki ondo egotea da”. Zerotik hasten dira. Lehen pausoa egokitzea, moldatzea da. Geldika-geldika zelan landu umea etxebizitza horretara bizitzen joatea. Umearen erritmoa errespetatzen da. Euren berezitasunen araberako prozesua da; ondo egokitzen doazela ikusi arte ez dira elkarbizitzara pasatzen. Adinaren arabera, bere istorioaren, izaeraren… araberakoa da prozesua. Umeak aldundiaren zentroetik edo euren etxeetatik joaten dira harrera familien etxeetara. Gizarte hezitzaileak saiatzen dira familia biologikoak zuzenean baimena ematea umea harrera familiagaz bizitzera joateko. “Familia biologikoak zenbat eta errazago ipini, umea hobeto egongo da. Baimena duela sentituko du eta ez du leialtasun gatazkarik edukiko, edo, behintzat, gutxiago izango du ikusten badu gurasoak eta harrera familia momentu batzuetan behintzat elkarregaz egon litezkeela”. Bisitetan umeek ahalik-eta egoera normalena bizi dezaten saiatzen dira teknikariak. Programaren egoitzetan edota kalean elkartzen dira, eta teknikariak egoten dira eurekin. “Hasieran, beti egoten gara; prozesua aurrera joan ahala, bisita ikuskatuetatik bitartekoetara pasa litezke. Hau da, umea utzi eta batzera mugatzen dira. Eta gero, bisita librea deritzona dago”. Umeen bisiten aurretik, ordu erdiz egoten dira teknikariak guraso biologikoekin, bisita prestatzen. Ostean, ordu bete edo pare bat orduko bisitak egiten dituzte. Bukaeran, harrera familia umearen bila datorrenean ahalegintzen dira denak elkarrekin une batez egotea, bost bat minutu badira ere. “Umeak zenbat eta normaltasun handiagoagaz bizi, umearentzat askoz hobea da”. Urgentziazko kasuetan familiek ez dute elkar ezagutzen; aldi baterako eta iraunkorretan bai. Egokiena eta onuragarriena Nerabeak etxera eroateko prest dauden familiak aurkitzea oso gaitza izaten dela azaldu dute Harrera Familien Programako kideek. Neba-arreben kasuan, irizpidea ez banatzea da: “Baina, banatzen ez badira, seguruenik ez dira harrera familia edukitzera ailegatuko”. Anai-arrebentzat harrera familiak topatzea oso gaitza da; edo biak geratzen dira aldundiko zentroan, edo familia banatara doaz. “Sarritan gerta zaigu banatu behar izatea. Kasu horietan harremana lantzen eta mantentzen saiatzen gara, eta familia biologikoko bisitetan elkarrekin egon daitezen. Argi dugu beti eurentzat egokiena eta onuragarriena dena aukeratzen dugula. Ideala neba-arreba denak elkarregaz familia berean egotea da, baina erreala ez da”. Kasu bakoitzean jarraipena egiten duen teknikari bat dago, familiari babesa, laguntza eta orientazioa ematen diona. Gainera, 24 ordutan dago teknikariren bat arreta emateko, edozer gertatuz gero, laguntzeko. Programako ume eta gaztetxoak euren familietara itzultzea da idealena, eta horretarako lan egiten dute alde guztiek. Kasu askotan, baina, ez da posible izaten. 20 urteko ibilbidea bete du programak. Iazko kanpaina orain arteko arrakastatsuena izan da. Ordutik, 865 dei jaso dituzte, eta horietatik 278 familia informazio hitzaldietara joan dira. Kanpainak kanpaina, datuak datu, garrantzitsuena umeei babesa ematea da; familia baten berotasuna eskaintzea. *HONEKIN LOTUTA: ELKARRIZKETA: “Ume bakoitzarentzat egokiena den familia bilatzen dugu”Programari buruzko informazio zabala 94-447 07 37 telefono zenbakian jaso daiteke