Zahartze prozesu osasuntsuari buruz ariko dira eguenean, Bermeon
Neurolagun elkarteak zahartze prozesu osasuntsuari buruzko hitzaldia eskainiko du etzi, 19:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan.
Arlo ezberdinetako hainbat adituk hartuko dute parte solasaldi horretan, hitzaldia lau zatitan banatuz. Hala, hitzaldiari hasiera emateko, Juanma Encinas Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko Ikerbasque ikerketa irakasleak, neurogenesiari buruz, hau da, pertsona helduetan ematen den neurona berrien sorrera buruz, hitz egingo du.
Encinasen ostean, Jesus Mari Cortes Ikerbasque ikerketa irakaslea dena Biocruces Osasun Ikerketa Institutuan, burmuin osasuntsueri buruzko hitzaldia eskainiko du: pertsona heldu eta osasuntsu baten burmuinaren itxura eta funtzionamenduari buruz, hain zuzen. Solasaldian jorratuko duten hirugarren gaia pertsona heldu osasuntsuetan ematen den funtzionamendu neuropsikologikoa izango da, Laiene Olabarrieta Deustuko Unibertsitatean Psikologian lizentziatuaren eskutik.
Elkarteak antolatutako hitzaldiari bukaera emateko, lehen mailako arreta osasunean, prebentzioa eta gaixotasun kronikoei buruz hitz egingo du Gontzal Grandesek, lehen mailako arreta guneko sendagileak eta Bizkaiko lehen mailako arreta ikerketa unitatearen koordinatzaileak.
Bermeoko Udalak adierazi duenez, hitzaldiaren sarrera doakoa da, eta herritar guztiak gonbidatu ditu “oso interesgarriak” izango diren hitzaldi horietara hurbiltzera.
Neurozientziako ezagutza bilatuz. Neurolagun irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da. 2017an Euskal Herriko Biomedikuntza ikerketa zentro nagusietako (Biocruces osasun Ikerketa institutuan, Euskal Herriko Unibertsitatean, etab.) jakintza-alor ezberdinetako ikerlari talde batek sortu zuen.
Bi helburu nagusi betetzea bilatzen dute elkartetik: alde batetik, neurozientziako ezagutza eta Euskal Herriko neurozientziako ikerketa lerroak zabaltzea eta bestetik, eskualdeko, estatu mailako eta nazioarteko ikerketa taldeen arteko kolaborazioa sustatzea, Euskal Herrian ikerketa kolaboratiboa bultzatzeko eta pazienteen benetako beharrak erantzuten dituzten proiektuak sustatzeko.