Bosgarren urtez, Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleak ikasturte osoan astero egun baten joan dira Bermeoko Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako adineko pertsonekin denbora librea partekatzera.
Programa 2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan lehenengo aldiz, eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak eta Sagrado Corazon ikastetxeak adierazi nahi izan dutenez, esperientzia hori “
oso aberasgarria da nagusi zein gazteentzat”; izan ere, “elkarrengandik gauza asko” ikasten dituztela eta “momentu politak eta dibertigarriak” igarotzen dituztela nabarmendu dute.
Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak eta Sancti Spiritus egoitzako bizilagunak. Argazkia: Bermeoko Udala.
Ekimen hori Sagrado Corazon ikastetxeko
Ikasketa eta Zerbitzua proiektuan barne dago, eta horrela, “gazteek eta nagusiek hitz egin, jolastu eta hainbat ekimen” elkarrekin egiten dituztela azpimarratu dute antolatzaileek, “euren arteko loturak indartuz”.
DBH4. mailako ikasleak izan dira ikasturte osoan, urritik hasita, eguaztenero joan direnak udalaren zaharren egoitzara nagusiekin egotera,
bederatzi ikasle egun bakoitzean, hain zuzen ere.
Gazte eta nagusiak batuz eta beraien artean harremanak sortuz, Sagrado Corazon ikastetxearen helburua
“nagusienganako gazteen sentsibilizazioa” areagotzea da, izan ere, “gaurko gizartean adinekoak askotan gutxietsiak dira eta topaketa horiekin jarduera horiek saihesten dira”. GAZTE-NAGUSI izenagaz, ikastetxeak jarduera hori eskola proiektuaren barnean sartzea erabaki dute. Hala, ikastetxeko arduradunek azaldu dutenez, programa “ez da ekintza puntual bat, ikastetxearen hezkuntza proiektuko beste atal bat baino”.
Gazte eta adinekoen topaketa horien bitartez “generazio ezberdinen arteko loturak sortzen eta lantzen” saiatzen direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta batera egonez gazte zein nagusiek “elkarrengandik ikasi eta momentu politak” bizitzen dituztela adierazi dute, “aspaldiko esamoldea egia bihurtuz: izan direlako gara”.