“Askatasunaren aldeko herri duin bat” aldarrikatzeko asmoz, Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuen mobilizazioa antolatu zuten Euskal Herriak Askatasuna taldeak, zapatuan.
Horrela, Mauletik hasita, Amaiur, Tolosa eta Elgetatik igaro ziren, Gernika-Lumon egindako elkarretaratzearekin bukaera emanez mobilizazioari.
Ekimenagaz, zatiketa administratiboen gainetik “herri bakar bat” dagoela nabarmendu eta “duintasun beharra” azaleratu nahi izan zuten taldekoek. Hori dela eta, egindako ibilbidean sinbolikoki esanguratsuak diren hainbat herri zeharkatu zituzten, Gernika izanik mobilizazioa bukatzeko hautatutako tokia.
Mobilizazioa Gernika-Lumoko juntetxe aurrean bukatu zuten. Argazkia: Euskal Herriak Askatasuna taldea
“Gernika ikur berezi bat da euskaldunontzat, bai antzinako zuhaitzagatik eta bai 1937an jasandako bonbardaketagatik”, adierazi zuten, “Moncloan egosi eta aberria zatitu eta salduz, inposatu zen estatutu baskongadoaren” salaketa Gernikatik egitea erabakiz.
Juntetxe aurrean bildu ziren salaketa hori aurrera eramateko, Euskal Herriak ez duela “ziklo estatatalista berririk” behar aldarrikatuz. Taldekoen berbetan, “nortasun propioko nazioa” den Euskal Herriari “ez zaizkio bere naziotasuna eta eskubideak onartzen”, eta alderantziz, “frantziar eta espainiar naziotasunak inposatu eta autodeterminazioa ukatzen” dela adierazi zuten.
Altsasuko gazteen kasua izendatu zuten horren adibide bezala: “militarki okupaturik bizi gara eta okupatzaileek, beraien interesen arabera, euskaldunak jazarri eta bahitu” egiten dituztela salatu zuten.
Horri aurre egiteko, herria eta herri borroka “indartzea” eta beharrezko indar-harreman aldaketa gauzatzeko “pausoak eragitea” herritarren esku dagoela aldarrikatu zuten, “ikuspegi estrategikoarekin eta ausardiaz” jokatu beharrez. Hamarkadetan zehar euskal langileriaren eta sektore herrikoien borrokak “estatu zapaltzaileen asimilazio saioari” aurre egin dietela azpimarratu zuten, eta bide hori jarraituz “nazio askapen borroka” indartzea da taldeak bilatzen duen helburua.