Arrakastatsua eta ezinbestekoa. Horrela laburbildu zuen Gure Esku Dagok atzoko giza katea. Kilometroz kilometro, deialdiari erantzuna emanez elkartu ziren atzo
175.000 euskal herritar inguru. Eskutik oratuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen giza kateak, 202 kilometro. 100.000 lagun batzeko erronka jarrita zeukan GEDk, eta hori gaindituta, ilusioz eta pozik agertu ziren bertako kideak.
Busturialdetik 1.200 pertsona inguru hurreratu ziren, 40 bat autobusetan. 82. kilometroan (Berriz) egon ziren herri txikietako bizilagunak; 93 – 94. kilometroan (Iurreta-Zornotza) elkartu ziren gernikarrak, eta Bermeoko, Busturiako eta Mundakako herritarrak, berriz, Galdakao eta Etxebarri lotu zituen 112 – 113. kilometroan izan zuten geralekua. Euskal Herri osotik 1.000 autobusetik gora mobilizatu ziren.
82. kilometroa.
Argazkia: Igor Zearra Etxebarrieta.
Eskuz esku
Herritarron ituna pasatu zuten; katearen mutur batean, Donostiako Boulebarretik Paulo Muñoa, 77 urteko gabiriar donostiartuak abiarazi zuen liburua, eta Aroa Arizubieta 16 urteko gazteak hartu zuen Gasteizen. Eusko Legebiltzarreko atarira iritsi zen ituna, baina “bide luzeagoa” egin nahi du dinamikak, dokumentua Nafarroako Parlamentura igorriz.
Eusko Legebiltzarraren aurrean amaitu zen giza katea, eta mezua argia izan zen: Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politiko-juridikoari buruz eztabaidatzen ari den Autogobernu Lantaldeak aintzat hartzea atzo bildu zirenen ahotsa. Herritarrekin batera, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemoseko politikariak ere atera ziren kaleetara edota errepideetara. Bai eta politikari katalanak ere: Junts Per Catalunyako parlamentari Aurora Madaula, CUPeko Mireia Boya, Omnium Culturaleko Ignasi Termes eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie, eta Gabriel Rufian ERCko diputatua. Halaber, leku esanguratsua izan zuten pentsiodunek, mugimendu feministak eta Altsasuko gazteen gertukoek. Hala, eguneko aldarrikapen nagusiagaz bat egin zuten horien aldarrikapenek.
Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berritzat definitu du Gure Esku Dagok momentu hau. Estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula “denon artean, adostasun zabalak eraikiz bilatu, eztabaidatu, eta adostu” behar dela azpimarratu zuten atzo, modu librean eta demokratikoan. Horretarako, erabakitzeko eskubidearen aldeko “sare iraunkorra bultzatuko dute, eragile bakoitzak bere ekarpena egin dezan erabakiaren bidean.
82. kilometroa.
Argazkia: Igor Zearra Etxebarrieta.
Jone Amonarrizek irakurri zuen manifestua, eta gogora ekarri zuen,
milaka arrazoi ditugula, maila pertsonalean zein kolektiboan, gure bizitzetan zuzenean eragiten digutenak gure etorkizunaz hitza hartu ahal izateko: “Inoiz baino argiago erakutsi dugu elkarrekin gure herriaren etorkizun politikoa erabaki nahi dugula. Erabakitzeko beharra daukagula”. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa ez ezik, demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsaren aldekoa izan zela adierazi zuen. “Amesten dugun etorkizunari begira jarri gara, gaurtik, bertatik, eraikitzeko”.
12:30ean giza katea amaitu, eta ordubete geroago, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren eledunak zorion berbak izan zituen euskal herritarrentzat. Bidea luzea dela adierazi zuen, eta 2014koa legez, atzokoa ere e
gun handi bat izan zela; orain dela lau urte baino 25.000 bat pertsona gehiagok egin zuen bat deialdiagaz. “Ez dago porrotik. Porrot handiena ezer ez egitea da; ikusle izatea, eta ez protagonista. Hor egon garenak sentitu dugu zer egiteko gai izan gaitezkeen elkarrekin arituz gero. Gaurkoa entsegu txiki bat izan da, baina ezinbestekoa etorkizunari aurre egiteko. Herri bezala duintasunez aurrera egiteko ezinbestekoa izan da. Baina hau ez da hemen bukatzen. Etorkizuna dugu irabazteko, eta elkarrekin pausoak ematera deitzen ditugu herritarrak”. Historikoa izan zen atzokoa. Izan ere, egun bakar batean jende gehien mobilizatu duten eguna izan zen.