Bere bigarren Giroa erregulartasuna mantenduta seigarren postuan amaitu du Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarrak. Lasterketa berezia eta oso bizia izan dela azpimarratu du Astana taldeko kideak.
Euskal Herriko Itzulia zortzigarren amaitu zenuen, eta Giroan seigarren postua lortu duzu. Zelan sentitu zara?
Inoizko mailarik altuenean sentitu naiz, eta hori aprobetxatu dut seigarren postua lortzeko. Inoiz egin dudan balio handieneko lasterketa dela esango nuke. Hasieratik amaierara erregular mantentzea lortu dut.
Zelan laburbilduko zenuke zure bigarren Giro hau?
Intentsitate handikoa. Ez bakarrik niretzat; orokorrean, txirrindulari guztiok azpimarratu dugu eta bai eta telebistatik jarraitu dutenek ere. Giro oso gogorra eta berezia izan da, atseden egunik barikoa, errekuperatzeko astirik barikoa, eta lekualdatze askogaz. Israelen hiru egun egin eta segituan hegazkina hartu behar izan genuen Siziliara. Handik penintsulara pasatzeko itsasontziz, eta gero ere hainbeste tokialdaketa eduki ditugu. Mendiko etapetan ere handik hotelera joatea ez zen erraza. Etapak nahiz eta itxura batean errazak izan, askotan konplikatu egiten ziren gure asmoagatik eta oso modu erasokorrean korritu dugulako.
Lekualdatze horiek nekea areagotuko dute, ezta?
Giroaren antolakuntza nahikoa astuna izaten da beti lekualdatzeei dagokienez. Horrek neke handia eragin baino, errekuperatzeko denbora laburtzen eta ordutegien antolakuntza zailtzen du; etaparantz goizetik irten eta oso berandu bueltatzen gara. Eta denbora atera behar da masajeetarako edo osteopatagaz testak egiteko. Berandu afaldu, oheratu… Dena atzeratzen da, eta nekea pilatzen joaten da.
Iazkotik ikasitakoagaz zertan hobetzeko aukera izan duzu?
Zortzi urte dira profesional moduan, eta lasterketa guztiek ematen dizute irakatsia. Esperientzia pilatzen zoaz. Egia da Giroa proba berezia dela aipatu ezaugarriengatik, eta Italian, batez ere, helmugek ukitu desberdina dute. Ez da Tourreko formatua; Tourrean normalean nahikoa helmuga garbiak izaten dira. Italian bukaerek beti tranpa edukitzen dutela esan liteke. Eta lasterketaren erritmo horretara egokitzen ikasi dut. Zer topatuko duzun jakinda, hara joan eta aurre egitea errazagoa da.
Egun gutxi pasatu dira. Astirik izan duzu dena barneratzeko?
Dena oso arin joan da. Etxera heldu eta ez dut ordubete eduki lasai egoteko eta pentsatzeko. Agian, hona heldu eta jendearen erantzuna ikustean hasi naiz gehiago baloratzen zelako oihartzuna daukan Giroa moduko lasterketa batean aurrean ibiltzeak. Eta konturatu naiz nik pentsatzen nuena baino zerbait garrantzitsuagoa egin dudala. Lasterketan sartuta zaudenean, jendearen mezuak jaso eta animoak eta babesa sentitzen dituzu, baina zentratuta zaude.
Joan aurretik espero al zenuen halakorik?
Halako helbururik ez dut inoiz planteatu; apur bat gaitza da halako egoera batek dakartzan gauzak kudeatzea. Benetan hona heltzean konturatu naiz izan duen oihartzunagaz. Han saiatu nintzen garrantzi lar ez ematen, lar ez pentsatzen. Lasterketan ahalik-eta xehetasun gehienak kontrolatuta edukitzen, eta horretan kontzentratzen.
Herrian harrera beroa jaso zenuen. Hunkituta egon zinen.
Beti eduki dut familiaren eta lagunen babesa, profesionaletan zein amateurretan. Baina lehenenego biderra da halako zerbait antolatzen didatena. Kuadrillan izugarrizko zaletasuna daukate, eta lasterketa askotan jarraitu naute. Etxekoek ere askotan udako oporretako bidaiak nire lasterketen arabera antolatu dituzte. Baina detailez beteriko halako ezustekoa antolatzea oso berezia izan zen. Momentu batean berbak ateratzeko ere ez nintzen kapaz izan, hunkituta. Sekulako jendetza egon zen. Denak pozik eta ospatzeko gogoagaz ikusteak ematen dio balioa halako postu bati. Seigarren postu bat lortu, eta etxetik pasatu gabe beste lasterketa batera bazoaz edo ez baduzu halako harrera bat, agian, zuk zeuk ere ez diozu garrantzi handirik ematen. Jendeak zelan bizi izan duen eta zelan gozatu duen ikusteak balio erantsi bat ematen dio postuari.
Argazkia: Bettini Photo.
21 egunetan hankek ondo erantzutea ezinbestekoa da, baina burua argi edukitzea eta kontzentrazioa ez galtzea ere beharrezkoa izango da, ezta?
Kirol askotan psikologoak dituzte, eta frogatuta dago psikologiak pisu handia daukala, eta asko lagundu ahal duela. Zentzu horretan, txirrindularitza nahikoa atzeratuta dago edo ez dugu hainbeste sinisten horretan. Edozelan ere, gero eta gehiago konturatzen naiz halako egoeretan buruak duen garrantziaz.
Zelan prestatu zenuen Giroa?
Prestaketa nahiko arraroa izan zen beste taldekideekin alderatuta. Taldekide gehienak alturan kontzentratuta egon ziren, 20 eguneko egonaldiak egin zituzten Teiden. Nik Euskal Herriko Itzulia egin gura izan nuen etxeko lasterketa zelako, eta zerbait polita egiteko aukera ona izango zelako niretzat. Alturako egonaldi baten ordez, Andrea neskalagunagaz Mediterraneora joan nintzen. Horrela lortu nuen lasterketan larregi ez pentsatzea. Egia esan, Girora lasterketa txiki batera moduan heldu nintzen; arinagotik presio hori sentitu barik, eta buruan lasaitasunagaz. Euskal Herriko Itzulian helburua betetzea lortu nuen lehenengo hamarren barruan sailkatuta, Alpeetako Tourrean etapa garaipen bat lortu nuen… Presio barik eta Miguel gure liderrarentzat lanean joateko asmoz joan nintzen Girora. Lasai joateak asko lagundu zidala uste dut. Hasierako estres guztia gainetik kendu nuen, eta indar askogaz joan nintzen.
Etapa guztietan lehenengo hamarren edo hogeiren barruan sartzen zarela ikustean, zer sentitzen da? Egiten ari zinenaz kontziente al zinen?
Israelgo erlojupekoagaz hasi zen guzti hau, seigarren sailkatu nintzenean. Espero ez nuen emaitza lortu nuen; jakitun nintzen lan handia egin nuela kronoan hobetzeko, eta lan horrek emaitzak eman behar zituela. Baina ez nuen espero Giroaren mailako lasterketa batean lehen hamarren artean sailkatzea. Ia sekula erlojupeko batean lehen hamarren artean sailkatu ez naizenean, pentsatu Giroan norbere burua seigarren ikustea zer den! Horrek txispa bat piztu zuen, eta esan nuen, «orain ahal dudan artean eta nire liderraren interesen kontra ez noan bitartean, hemen eusten saiatuko naiz, noiz edukiko dut aukera lidertzatik hain hurbil egoteko?». Etapak pasatu ahala, sentsazioak oso onak ziren, ikusten nuen beti aurrekoekin batera sartzen nintzela. Taldeak nigan konfiantza jarri zuen. Edozein egunetan hortik kanpora gera nintekeela banekien, edo liderraren alde sakrifikatzea tokatuko zitzaidala. Astebete faltan, planteatu nuen helburu moduan lehen hamarren artean amaitzea, eta bukaerara arte eroan behar zen zerbait zela. Hori lortzeko, taldearen babesagaz planteamendu bat egin nuen. Azkenean, erremate ona. Neure helburu pertsonala betetzetik aparte, Lopez podiumean sartu zen, gazterik onenaren mailot zuria irabazita, gainera. Taldearentzat bukaera borobila izan zen; etapa garaipen baten saria falta izan zitzaigun.
Azken egunean zer sentitu zenuen?
Jakin badakizu gogortasun guztia azken egunetan dagoela, eta ezin duzula huts egin. Presio gehieneko momentuak horrek izan ziren. Ikusten duzu helburua hain hurbil, baina badakizu zenbat tokatuko den sufritzea, zelako etapak datozen. Horrek egoera nahikoa estresagarria sortzen du. Domekara heltzea, eta ahal nuen moduan eustea pentsatzen nuen bakarrik. Teorian, azken egunean ez da ezer jokatzen, baina goizean esnatu, eta zuzendariak ez erlaxatzeko abisatu zigun, zirkuitua oso konplexua zelako. Diferentziak egon ahal zirela eta, azken kilometroa bete arte beste edozein egunetako kontzentrazioagaz jarraitzeko esan zigun. Alerta egoera piztu zen. Hara helduta ikusi genuen zelako arriskua eta zailtasuna zeukan. Helburua arriskuan ikusi nuen; huts egite bategaz dena galtzeko aukera asko zeudela. «Azkeneraino borrokatu beharko dut», pentsatu nuen. Txirrindulariok antolakuntzaren kontra presioa egin, eta denborak neutralizatu ziren. Laugarren bueltan, sailkapen nagusirako denborak definituta geratu ziren; hortik aurrera, bakarrik etapa egon zen jokoan. Orduan hasi nintzen gozatzen. Erromako kaleetatik pasatzea berezia izan zen. Andrea eta bere ama etorri ziren, eta taldeagaz gain, eurekin ospatu nuen.
Zein da beti gogoan izango duzun etapa edo momentua?
Giroa bizi eta ikusi dugun gehienok Finestreko etapako Froomen erakustaldia ez dugu ahaztuko. Giro historiko edo ezohiko honetan etaparik garrantzitsuena izan da; dena aldatu eta liderra lehertu zuena. Nahiz eta aurrenekoekin ez ibili, halako etapa garrantzitsu baten parte izatea beti gogoratuko dut. Bai eta ibilbide ikusgarria izan zelako, besteak beste, asfaltatu gabeko azken zazpi kilometroekin. Etapa berezia izan zen, eta nire bizi osoan gehien sufritu dudanetakoa. Oso muturrekoa izan zen; hasieratik bukaerara sekulako erritmoagaz egin zena, eta oso luzea. Horregaz geratzen naiz; hori gaindituta helburuen parte handi bat beteta geratu zen. Hori da nire Giroko irudia.
Etapa hori izan al zen gogorrena eta aldi berean gehien gozatu zenuena?
Gehien sufritu dudana izan liteke edo baita Gran Sassoko helmuga ere. Han krisi txiki bat pasatu nuen, eta helmugarako 40 kilometroren faltan, dena galduko nuela pentsatu nuen. Oso sentsazio txarrekin joan nintzen, asko sufritzen. Ez dakit zelan, horri buelta ematea lortu, eta helmugan bakarrik minutu bat galdu nuen. Hori izan zen momenturik txarrena, lehen hamarren barruko postua galduko nuela pentsatu nuena. Momenturik onena, politena eta gehien gozatu nuena Erromakoa izan zen, dena seguru zegoela jakin nuenean. 21 egunetan hainbesteko estresagaz egon eta gero, egindako lanagaz eta Giro bukaeragaz gozatu ahal izan nuelako.
Zein da uda honetarako duzun helburu edo erronka?
Dauphine amaituta, atseden apur bat hartuko dut. Bigarren zatian lasterketa garrantzitsuak datoz: Donostiako Klasikoa, Burgosko Itzulia, Espainiako Itzulia, Italiako klasikak… Munduko Txapelketara joatea lortzea helburu polita litzateke. Momentuz, ez daukat helbururik finkatuta. Agian, taldeak gauzak berriro planteatuko ditu, maila igotzen noala ikusita. Eurek zer espero duten nigandik ikusi eta horretara moldatzen saiatuko naiz. Itzuliko Bizkaiko etapa irabaztea edozein hamarren barruko sailkapen edo edozegatik aldatuko nuke. Ilusio berezia daukat hor jarrita. Ez da erraza izango, baina etxekoa izateak ematen didan abantaila aprobetxatzen saiatuko naiz.
Zure kirol ibilbidetik zer nabarmenduko zenuke?
Nabarmentzea baino, honaino heltzeko ze bide egin dudan akordatzea eta horretan lagundu didatenei eskerrak ematea garrantzitsua da. Gernikesakoei, hor hasi zelako nire ibilbidea eta eurek sartu zidatelako zaletasuna. Euskadi Fundazioari, han eman nituelako lehen pausoak eta profesionaletarako saltoa, bai eta Caja Rurali ere, bigarren aukera bat eskaintzearren. Zelan ez Astanakoei, harreran batu zen jendeari eta egunero animoak ematen dizkidatenei