Oleta auzoko Pazko jaiek erronka berria dakarte aurten zelaira
Belar bola garraiatu beharko dute batetik bestera Mendexa eta Berriatuko taldeek. Txapelpunk, Gozategi eta DJ Txurruk jarriko dute martxa zelaianPrest daude Oletan Pazko jaiei hasiera emateko. Joan den zapatu goizean muntatu zuten txosna auzolanean, Ol...
Belar bola garraiatu beharko dute batetik bestera Mendexa eta Berriatuko taldeek. Txapelpunk, Gozategi eta DJ Txurruk jarriko dute martxa zelaian
Prest daude Oletan Pazko jaiei hasiera emateko. Joan den zapatu goizean muntatu zuten txosna auzolanean, Oletako Jai Batzordekoek Amoroto herriguneko boluntarioen laguntzagaz, eta aste honetan jarri dute agertokia. Jaiaren muina izango den zelaia gertu dago, beraz, jaiaren partaide izan nahi duten guztiak hartzeko. Bihar hasiko da hiru egunetako festa.Urtero modura, auzotar guztiak elkartzen dituen Tortilla Txapelketa izango da egitarauko lehen ekimena. Eguraldiak lagunduz gero, arbolapean prestatuko dituzte patata eta arrautzez egindako gutiziak, eta hala ez balitz, aterpea izango lukete sukaldariek bilgunea. Oletako Jai Batzordekoek azaldu dutenez, zortzi edo bederatzi tortilla presta- tzen dira urtero, Oleta eta Amorotokoek egindakoak. «Bakoitzak bere tresnak eramaten ditu, eta kontu kontari denak batera ematen diegu jaiei hasiera».
Zapatu gaua jendetsua izaten da Oletan, kontzertuek lagun asko erakartzen dituzte-eta jaigunera. Gustu guztiak asetzeko moduko gaua izango da aurtengoa; Txapelpunk talde lekeitiarrak jarriko du martxa alde batetik. Hala, Iñigito eta taldeagaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute Oletara hurreratzen diren guztiek. Erromeria ere egongo da Gozategi taldeagaz; G Puntua disko berria aurkeztuko du Oletan talde oriotarrak, eta azkenik, DJ Txurruren musika eta doinuekin gorputzak astintzeko aukera edukiko dute azken orduetara arte gelditzen direnek.
Desafioa
Ohiturei eutsiz, urtean behin Oletako zelaian ospatzen den mezatan batuko dira amorotarrak eguerdian, eta, jarraian, dantzaldia eskainiko du herriko Arta Nagusi dantza taldeak. Goizetik ibiliko dira, gainera, Naiara eta Izarra trikitilariak giroa alaitzen.
Aurten, berritasun modura, desafio ikusgarriagaz dator arratsaldea. Mendexako eta Berriatuko taldeek belar bola bat batetik bestera zeinek gehiago eraman lehiatuko dute. Oletako jai batzordekoek azaldu dutenez, Mendexan egin zuten lehendabizi antzerako erronka, eta Oletako zelaikoa izango da bigarrena. «Hiruzpalau lagunetako taldeetan banatuta, 20 minutuko saioa egingo du talde bakoitzak, eta untza gehiago egiten duena izango da irabazlea». Dirudiena baino zailagoa izango dela proba azaldu dute Oletakoek, izan ere, belar bola ez dute biraka eramango, irauli egingo dute, altxatu eta bota, daukaten denbora amaitu arte.
Herri kirol saioaren ostean egingo dutela aurreratu dute jaietako ohiko zozketa. «Jaiak antolatzeko laguntza izaten da guretzat» diote antolatzaileek. Hiru sari zotz egingo dituzte: asteburu pasa, urdaiazpikoa eta ardo kaxa. Sarituak HITZAn azalduko dira, eguazteneko egunkarian.
Erromeria
Oletako astelehena berezia izan ohi da bai auzotarrentzat bai eta inguruko herrietako askorentzat ere. Arratsaldea umeei zuzendutako ekintzaz beteta egongo da, eta gaua, berriz, usadiozko ekimenetarako gorde dute. Hala, haur eta gaztetxoentzako jolas, ohe elastiko eta puzgarri erraldoiak egongo dira arratsaldean, eta Luhartz taldeagaz hasiko da jaietako azken gaua.
Kantaldiaren tartean, urtero plaza bete-bete egiten duen beste klasiko bat antolatu dute: 00:45ean gizon eta emakume striptease-ak egongo dira.