Bertokoen ordezkaritza zabala izango du giza kateak
201,9 kilometroko bidea lotu nahi dute etzi, 100.000 lagunen babesagaz. Markina-Xemeindik oinez joango dira batzuk Areitioraino; arratsaldean, jaia egingo duteSortu zenetik, bost urteko bidea egin du Gure Esku Dago-k, eta tarte horretan, hamaika ekintz...
201,9 kilometroko bidea lotu nahi dute etzi, 100.000 lagunen babesagaz. Markina-Xemeindik oinez joango dira batzuk Areitioraino; arratsaldean, jaia egingo dute
Sortu zenetik, bost urteko bidea egin du Gure Esku Dago-k, eta tarte horretan, hamaika ekintza egin ditu erabakitzeko eskubidea helburu hartuta. Domekan ere asmo beragaz aterako da kalera, eta berriro ere, giza katean elkartuko ditu han eta hemengo herritarrak. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdekoen ordezkaritza zabala egongo da, behintzat, domekako hitzorduan.2014an, Durango eta Iruñea lotu zituen GED-ren giza kateak, eta aurten, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu. Guztira, 201,9 kilometro osatu nahi dituzte, eta horretarako, 100.000 herritarren eskuak beharko dituzte; elkarri lotuta, zubiak eraikitzeko.
Erabakitzeko eskubidearen aldarria ez da Gure Esku Dago-k egiten duena soilik, milaka lagunena baino. Eta hala adierazi zuten 2014an. Aurten ere, milaka herritarren babesa espero du herri dinamikak. Tartean izango dira, esaterako, pentsiodunak, ibilbideko udaletxe aurreetan, beraiengan eragin zuzena daukaten erabakietan erabaki nahi dutela aldarrikatzeko. Eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere ez du hutsik egingo; hala, giza katean parte hartzera eta aldarri feministaz betetzera dei egin dute. Gure Esku Dago-k, bere aldetik, elkartasun kilometroa eskainiko die Altsasuko gazte auzipetuei, giza katearen 193. kilometroan.
Markina-Xemeinen, jaia
Areition egokitu zaie markina-xemeindarrei giza katearen kilometroa, eta bertaraino oinez joateko gonbitea luzatu dute. Hain zuzen, 07:30ean abiatuko dira Arkupetik, eta 16 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.
Giza katea bukatuta ere, jai giroan jarraituko dute aulestiarrekin, Markina-Xemeinen. Izan ere, 14:00etan, batukada hotsa izango da kalean, eta 16:00etan, umeen jolasak hasiko dituzte. 17:00etan, herrien arteko herri kirolak izango dira aukeran, Zelaian. Bukatzeko, 18:00etan, EinGO taldeagaz erromerian bilduko dira.
Herri dinamikaren bidea, baina, ez da etziko giza kateagaz bukatuko; azken helburua Euskal Herriak erabaki ahal izateko tresnak eskuratzea izango baita.