Bermeoko Herri Babesa Taldeak boluntario berriak behar ditu
Maiatzaren 26an izandako sutearen ondoren, taldea berriro aktibatu dute. Bermeon gerta daitezkeen egoera larriei aurre egiteko «ezinbestekoa» deritzoteBermeoko Herri Babesa Taldea boluntario berrien bila ari da, urtebete inguru desaktibatuta egon ond...
Maiatzaren 26an izandako sutearen ondoren, taldea berriro aktibatu dute. Bermeon gerta daitezkeen egoera larriei aurre egiteko «ezinbestekoa» deritzote
Bermeoko Herri Babesa Taldea boluntario berrien bila ari da, urtebete inguru desaktibatuta egon ondoren.Herri Babesa berriro aktibatu den arren, taldea mantentzeko boluntarioak izatea «ezinbestekoa» dela aldarrikatu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzu eta Udaltzaingo buruak.
Maiatzaren 26an Aurrekoetxea kalean gertatu zen sutean, Herri Babesak egindako lana goraipagarria izan zen sua kontrolatzeko eta ez zabaltzeko, suhiltzaileak iritsi baino lehenago. Ibarrolazak taldeak egindako lan hori goretsi egin du, bere esker ona adieraziz. «Beraz, zalantza barik, Herri Babesaren lana gure herrian gerta daitezkeen egoera larriei aurre egiteko ezinbestekoa da, eta, horretarako, beharrezkoa da Herri Babesak talde trinkoa izatea», azaldu du alkateordeak.
Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaileak adierazi duenez, suhiltzaile boluntarioak dira «Bermeok ez duelako suhiltzaile talderik herrian». Herriko ekimen guztietan parte hartzen dute, «segurtasuna eta prebentzioa bermatuz», eta Bermeon zein inguruko udalerrietan jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko «aholkularitza» eskaintzen dute; horrez gain, «uholde eta elurrak daudenean ere egoera horiei aurre egiteko eta arriskuak ekiditeko» lana egiten dute.
Taldeak egindako lana posible izateko erabiltzen dituzten materialen eta tresnen berri eman du Ojangurenek: «Lan horiek eta beste asko egiteko suhiltzaileen kamioi bat daukagu, lur orotarako ibilgailu bat, erremolkea, motozerrak, ura ateratzeko bonbak, eskalatzeko materiala, autobonbak, eta bi lokal, Atalden».
Ojangurenek eta Ibarrolazak aditzera eman dutenez, boluntarioei formakuntza eskaintzen diete. «Boluntario moduan datozenek sute, uholde eta horrelakoetan zelan jardun behar den erakusten diete, nola jardun salbamendu txakurrekin, eskalada egiteko formakuntza edota biktimez nola arduratu». Horregaz batera, «zuhaitzen mozketa edota beste gai askoren inguruko formazioa» eskaintzen dute. Herri Babesaren ordezkariaren ustetan, «esperientzia guztiz positiboak bizitzeko aukera» ematen du taldeak.
Baldintzak
Herri Babeseko kidea izateko bi baldintza bete behar direla azaldu dute: 18 urtetik gora izatea eta Bermeon bizitzea. Ojangurenek boluntarioa izatea oso «aberasgarria» dela nabarmendu du. «Garrantzitsua da denok herriaren alde lan egitea herri hobeago bat izateko, eta hori posible da», adierazi du, eta gainera, «adiskidetasuna, lan taldeko lana eta hainbat arlotan formazioa eta esperientzia handia hartzeko bidea» ere badela dio taldearen ordezkariak.
Interesa daukaten herritarrek Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8) eman behar izango dute izena. Alkateordeak herritar guztiak animatu gura izan ditu Herri Babesaren parte izan daitezen, taldeak egiten duen lana «oso garrantzitsua eta interesgarria» delako eta «Bermeoren alde lan egiteko aukera paregabea» eskaintzen duelako.
Amaitzeko, lagun kuadrillak boluntario izateko izena ematea «polita» izango litzatekeela gaineratu du.