Lorea dantza taldeko beteranoek herritar denentzat prestatutako ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatuz hasi zituzten barikuan Gorpuzti Jaiak, Ibarrangelun. Eta horrela, adin guztietako herritarren parte hartze zabalagaz igaro da jaien lehen asteburua. Musika eta dantza izan ziren protagonista asteburuan, eta
180 lagun batu ziren zapatuko
herri bazkarian, Ibaetako frontoian.
Zapatu honetan ere badute zerekin gozatu. Paella Txapelketaren aitzakian, urtero familia zein lagun artean kuadrillan Elexalden elkartuta, egun pasa ederra egiten dute.
Hala, zapatu arratsaldean Ibaetako frontoira hurreratuko dira. Beste urte batez, esku piloa ikuskizun ederraz gozatu ahalko dute ibarrangelutarrek zein inguruko bizilagunek.
Titin IIIak Arrizabalaga gernikar gazteagaz bikotea osatuko du, eta
Uriondo gizaburuagarra eta Uriona markiña-xemeindarra izango dituzte aurkari. Uriona eta Arrizabalaga egungo lehen mailako afizionatuetako Bizkaiko txapeldunak dira.
Partiduaren ostean, EinGOren musikak lagunduta joango dira Ibaetatik Elexaldera.
Bestalde, hileko azken asteburuan herriko auzoetan barrena ibilaldia egingo dute, jaiak kirola egin eta osasuntsu amaitzeko.
EGITARAUA:
EKAINAK 9, ZAPATUA
- 12:00. Paella Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:00. Umeen esku pilota eta pala partiduak.
- 19:00. Binakako esku pilota partidua: Titin III-Arrizabalaga vs. Uriona-Uriondo.
- 20:30. EinGO taldeagaz trikipoteoa, Ibaetatik Elexaldera.
EKAINAK 23, ZAPATUA
- 21:00. San Juan sua piztu.
- 21:30. Txokolatada eta txitxiburduntzia.
EKAINAK 24, DOMEKA
- 08:00. Nagusien mendi martxaren hasiera.
- 10:00. Umeen mendi martxaren hasiera.
ARGAZKIAK: MARIAN OLANO