Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatu da gaur eta, horren harira, beste urte batez Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua bildu da Urdaibaiko biosferaren erdigunean, hain zuzen, Busturian kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibain.
Iñigo Urkullu Lehendakaria 9:30ean iritsi da Ekoetxeara. Gobernu Kontseiluari hasiera eman aurretik Ingurumen Hezkuntzarako ikasleentzat prestaturiko
tailer berriak bisitatu ditu, ondoren batzarra eginez.
Sentsibilizazio kanpaina. Osteko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburua izan dira, batzarrean hartutako erabakien berri emateko. Arriolak adierazi duenez, Gobernu Kontseiluak ingurumena zaindu eta babesteko
sei programa sustatuko ditu: “gaur Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, gure ingurunea zaintzearen garrantziaz kontzientzatzeko eguna”.
Eusko Jaurlaritzak egun berezi hori modu presentzial batean ospatu ez ezik,
“jokaera eta konpromiso zehatzekin” egiten duela aldarrikatu du sailburuak. Hori dela eta, aipatutako programei baiezkoa eman dietela adierazi du; horien artean, Hezkuntza sailarekin batera onetsi duten
2030 Euskal Herriko jasangarritasun hezkuntza estrategia aurkitzen da.
Kanpaina horrekin, “ingurumenarekin harremanak izateko modu berriek eskatzen dituen sentsibilizazioa eta jarrera aldaketa abian jartzeko” asmoa dute, hori lortzeko ikastetxe eta unibertsitateetan jarrera hori “sendotzea” bilatuz.
Eskola Jasangarriak. Prentsaurrekoa bukatu ondoren, Urkullu Lehendakariak, Arriola sailburuarekin eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera Eskola Jasangarria
ziurtagiria eman dizkie Eusko Jaurlaritzako Eskola Agenda 21 programan parte hartu duten 30 ikastetxe publiko eta itunduri.
Ikastetxe horiek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskola-sarean daude, eta sare horretan irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek
jasangarritasunerako hezkuntza batera bultzatzen dute. Guztiek auditoretza bat gainditu dute, berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egin duten apustuagatik saritzen dituena.
Ekitaldian, bost ikaslek, ziurtagiria lortu duten ikastetxeak ordezkatuz, ikasturtean zehar egin dituzten jardueren laburpen bat egin dute, eta jasangarritasunaren alde burutzen dituzten ekintzak deskribatu dituzte. Elkarraldi horrekin amaitu zuten Euskadiko ikastetxeetan irailean hasi zuten prozesua.