Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara aurkezteko epea irekita dago
Ekainaren 21era arte aurkeztu ahalko dira lanak.
Kartela Bermeoko jaietako adierazlea izan beharko da. Beraz, ezaugarri batzuk hartuko dira kontuan: “jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak”. Aurkeztutako kartelek honako testu hau izan beharko dute: ‘BERMEOKO JAIAK 2018 Irailaren 7tik 16ra’.
Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira lanak, izenburuarekin eta egilearen sinadura barik. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi baten barruan egilearen datuak jarriko dira.
Lehiaketako oinarriei dagokienez, lanek 52×70 cm-ko neurriak izan behar dute, edozein kolore eta teknika erabiliz. Lana euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan (CD batean) aurkeztu ahal izango da, hiru digitalizazioekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta azkena 52 x 70 cm-ko erresoluzio altuko PDFa, gutxienez 300 ppko bereizmenarekin eta CMYK kolore-ereduarekin.
Irabazlea nor den jakin arte ezingo da kartelen egileen nortasuna publikoki ez sare sozialetatik adierazi, eta hori egitekotan parte-hartzaileak kanporatu egingo dira, baita arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak ere. Bestalde, Bermeoko Udalak kartelean aldaketak egitea eska dezake.
Epaimahaia jai batzordeko eta artearen munduko herriko kideez osatuta egongo da. Kartel finalistak ekainaren 26tik uztailaren 5era ikusgai egongo dira sarean eta Gizarte eta Kultura Etxean.
Ostean, irabazlea aukeratzeko prozesua bermeotarren eskuetan jarriko da, pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izanez bi modutara: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo internet bidez. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta internet bidez jasotakoek %30ekoa. Bozketan berdinketarik edo arazorik izanez gero, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geratuko zen.
Uztailaren 6an iragarriko da irabazlearen izena, eta hautatuak 600 euroko saria jasoko du.