Negozio ideiak bizkortuko ditu Sprint_Inn proiektuak
Prozesua hilabete honetan hasiko da martxan, eta 2019ko otsailera arteko iraupena edukiko du. Eskariak ekainaren 22ra arte aurkeztu daitezkeAzaro Fundazioak, Bermeoaldeko Behargintzak, Gernikako Lanbide Ekimenak, Ermuko Udalak eta Durangaldeko Lehiakor...
Prozesua hilabete honetan hasiko da martxan, eta 2019ko otsailera arteko iraupena edukiko du. Eskariak ekainaren 22ra arte aurkeztu daitezke
Azaro Fundazioak, Bermeoaldeko Behargintzak, Gernikako Lanbide Ekimenak, Ermuko Udalak eta Durangaldeko Lehiakortasun Guneak Sprint_Inn Bizkaia proiektua abian jarri dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz.Proiektu horren helburua berrikuntzaren eta metodologia berrien bitartez negozio ideiak azkartzea eta ekintzailetza ekosistemaren eragile nagusiekin harremanetan jartzea da.
Hori eginda, parte hartzaileek bizkortze zerbitzua jasoko dute Google Spaceko Madrilgo Campusean dagoen Tetuan Valleyn. Gune horren helburu nagusia teknologian oinarritutako negozio ideiak bizkortzea da, metodologia berrien eta gai ezberdinetako adituen ezagutzaren bitartez.
Aholkularitza pertsonala
Prozesua 2018ko ekainetik 2019ko otsailera bitartean jarriko da martxan. Aukeratutako proiektuek aholkularitza pertsonalizatua izango dute euren negozio edo enpresa ideia definitu, azkartu eta abian jartzeko. Horretarako, programaren bitartez, ideiak lantzeko espazioak izango dituzte, bizkortze zerbitzua izango dute Madrilgo Tetuan Valleyen, Bizkaiko eta Madrilgo mentoreen aholkularitza, eta Design Sprint lan metodologia berrietan oinarrituta definizio eta bizkortze zerbitzuaren prozesuan parte hartuko dute.
Hartzaileei dagokienez, berritzaile izateko beharra duten enpresa tradizionalei eta startup bat definitu eta azkartu nahi duten ekintzaileei zuzenduta dago proiektua. Eskariak aurkezteko epea ekainaren 22ra arte dago irekita, eta Busturialdea, Durangaldea, Ermua eta Lea-Artibaiko enpresa eta ekintzaileak aurkeztu ahal izango dira proiektura. Interesa daukatenek beraien eskualdeko ekintzailetza zentroan jaso ahalko dute informazio guztia: Bermeoaldeko Behargintzan, esate baterako.
Bost fase
Proiektua bost fasetan banatuko da, horietariko bi Tetuan Valleyen izango dira, Google Spaceren Madrilgo Campusean.
Lehenengo fasean negozio ideiaren aurre definizioa egingo dute. Ekintzailetza zentroetako teknikariek ekintzaile talde bakoitzaren negozio ideiaren definizioa zehazten lagunduko dute, eta talde ekintzaileari lan egiteko espazioak eskainiko dizkiote.
Bigarren fasean aurtengo urrian, Desing sprint azelerazio prozesuan parte hartuko dute Tetuan Valleyen, eta prozesu horretan, diseinuaren, prototipoen eta bezeroen iritziaren bidez, negozioen alde kritikoei erantzuna ematen saiatuko dira parte hartzaileak.
Hirugarren faseari dagokionez, talde bakoitzak aurreko fasean definitutako erronka landuko du. Ekintzailetza zentroek ekintzaileei beharrezko metodologia, espazio eta tresnak eskainiko dizkiete. Aholkularitza talde baten laguntza eta Tetuan Valleyren jarraipena izango dute.
Laugarren fasean, berriz, aurrerapenen aurkezpena eta jarraipena egingo dute. Parte hartzaileek aholkulariekin zein ekintzaile batzuekin harreman zuzena eta networking-a izango dute.
Proiektuari amaiera emateko, negozio ideia bizkortuak jarriko dituzte martxan azken fasean .