Negozio ideiak berrikuntzaren bidez bizkortzea bilatuko du Sprint_Inn Bizkaia proiektuak
Azaro Fundazioak, Bermeoaldeko Behargintzak, Gernikako Lanbide Ekimenak, Ermuako Udalak eta Durangaldeko Lehiakortasun Guneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin batera, Sprint_Inn Bizkaia proiektua abian jarri dute.
Antolatzaileen esanetan, proiektu honen helburua “berrikuntzaren eta metodologia berrien bitartez, negozio ideiak azkartzea eta ekintzailetza ekosistemaren eragile nagusiekin harremanetan jartzea” da. Hori eginda, parte-hartzaileek bizkortze zerbitzua jasoko dute Google Spaceko Madrilgo Campusean dagoen Tetuan Valleyn. Gune horren helburu nagusia teknologian oinarritutako negozio ideiak bizkortzea da, metodologia berrien eta gai ezberdinetako adituen ezagutzaren bitartez.
Aholkularitza pertsonala. Prozesua 2018ko ekainetik 2019ko otsailera bitartean jarriko da martxan. Aukeratutako proiektuek aholkularitza pertsonalizatua izango dute, “euren negozio edo enpresa ideia definitu, azkartu eta abian jarri ahal izateko”. Horretarako, programaren bitartez, ideiak lantzeko espazioak izango dituzte, bizkortze zerbitzua izango dute Madrilgo Tetuan Valleyen, Bizkaiko eta Madrilgo mentoreen aholkularitza, eta Design sprint lan metodologia berrietan oinarrituta definizio eta bizkortze zerbitzuren prozesuan parte hartuko dute.
Hartzaileei dagokienez, “berritzaile izateko beharra duten enpresa tradizionalei, eta startup bat definitu eta azkartu nahi duten ekintzaileei” zuzenduta dago proiektua. Eskariak aurkezteko epea ekainaren 22ra arte dago irekita eta Busturialdea, Durangaldea, Ermua eta Lea-Artibaiko enpresa eta ekintzaileak aurkeztu ahal izango dira proiektura.
Proiektuan interesa dutenek beraien eskualdeko ekintzailetza zentroetan jaso ahalko dute informazio guztia: Bermeoaldeko Behargintzan, esate baterako.
Bost fase. Proiektua bost fasetan banatuko da, horietariko bi Tetuan Valleyen izango dira, Google Spaceren Madrilgo Campusean. Lehenengo fasean negozio ideiaren aurre definizioa egingo da. Ekintzailetza zentroetako teknikariek ekintzaile talde bakoitzaren “negozio ideiaren definizioa zehazten” lagunduko dute, eta talde ekintzaileari lan egiteko espazioak eskainiko zaizkio.
Bigarren fasean, urte honetako urrian emango dena, Desing sprint azelerazio prozesuan parte hartuko dute Tetuan Valleyen, eta prozesu horretan diseinuaren, prototipoen eta bezeroen iritziaren bidez, “negozioen alde kritikoei erantzuna ematen” saiatuko dira parte-hartzaileak.
Hirugarren faseari dagokionez, talde bakoitzak aurreko fasean definitutako erronka landuko du. Ekintzailetza zentroek ekintzaileei beharrezko metodologia, espazio eta tresnak eskainiko dizkie. Mentore talde baten laguntza eta Tetuan Valleyren jarraipena izango dute.
Laugarren fasean aurrerapenen aurkezpena eta jarraipena egingo dute. Parte-hartzaileek mentoreekin harreman zuzena eta networking-a izango dute, baita egoera berdinean dauden beste ekintzaile batzuekin ere. Proiektuari amaiera emateko, azken fasean negozio ideia bizkortuak martxan jarriko dituzte.