Estatalizazioaren kontrako aldarria kalera atera du LAB sindikatuak
Negoziatzeko eta hitzarmenak lortzeko eskumena eta euskal langileen eskubideak berton defendatzeko eskubidea kendu gura dizkietela salatu dute eskualdeko arduradunekEstatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko...
Negoziatzeko eta hitzarmenak lortzeko eskumena eta euskal langileen eskubideak berton defendatzeko eskubidea kendu gura dizkietela salatu dute eskualdeko arduradunek
Estatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eskatzeko kalera atera ziren atzo LAB sindikatuko kideak, eta atzoko mobilizazioak hasiera besterik ez direla zehaztu dute. «Gero izugarrizko gurpila izatea nahi dugu, eta ea hala izaten den. Estatalizazioa pil-pilean ipini nahi dugun gaia da, espainolizazioarena, azken finean, hori da. Gure eskumenak kentzea da».Lehen helburua enpresetan «eztabaida sartzea» izan dela adierazi dute, eta hori lortu dutela dagoeneko.
LABek atzo bi orduko lanuzteak egitera deitu zituen langileak, eta eguerdian Euskal Herriko hainbat herritan elkarretaratzeak egin zituzten, eta zenbait enpresen atarietara ere atera ziren. 12:00etan, Bermeoko Goiko Plazan, Gernika-Lumoko Merkurion eta Ondarroako Alamedan batu ziren; 13:45etik 14:15era elkartu ziren langileak Gizaburuagako industrialdeko sarreran, Batez ere enpresa handienetan izandako erantzuna nabarmendu dute. Esaterako, Okamikan langile asko batu ziren.
Hala ere, lanuzteekin edota elkarretaratzeekin bat egin duten langile kopurua baino, garrantzitsuena da gaia eta eztabaida langileengana heldu direla eta gainontzeko sindikatuak «interpelatuta» sentitu izan direla.
Hain zuzen ere, berriro ere elkarlanerako bidea hartzeko aukera dutela uste dute eskualdeko LABeko arduradunek: «Ea denon artean zer edo zer egin genezakeen. Gure lan araudiak zentralizatu nahi dituzte. Horri irtenbidea emateko aukera bakarra mobilizazioa da».
Eskualdeko 30 bat enpresetan eragina izan zuten atzoko mobilizazioek. Nemak-en, esate baterako, eragin nabarmena izan zuela esan dute, eta industrialdeetan ere mugimendua egon zela. «Baina garrantzitsuena gai hau enpresetara ekartzen hastea izan da. Azken batean, Madriletik bai erreformen bidez bai eta lege desberdinen bidez, hemen negoziatzeko, hitzarmenak egiteko dauzkagun eskumenak, gure eskubideak berton defenditzeko eta garatzeko dauzkagun eskubideak kendu nahi dizkigute». Horri lotuta, urtetik urtera, dena Madrilera doala diote hitzarmen estatalen bidez, eta horrek eskubideak «okertzea, prekarietatea eta bertoko eskumenak galtzea» dakartzala diote.
Elkarlana, borrokatzeko
Arrisku horren aurrean, indar sindikala areagotzea eta sindikatuen arteko elkarlana lortzea ezinbestekotzat jo dituzte. «UGT eta CCOO sindikatuekin gaitz egongo da, sindikatu estatalak direlako, baina, behintzat ELAgaz aurrera begirako elkarlana posible izatea nahi dugu, eta ea Euskal Herritik salto indartsu bat eman ahal dugun gure eskubideen defentsan; bertotik bertora, borroka lortzeko edo mantentzeko».