Herriko ondarearen aldeko
konpromisoa aldarrikatu dute udaletik, eta horretarako Larrinaga jauregiko eraikinaren lanen
segimenduaz arduratzen ari direla ziurtatu dute.
Larrinaga jauregia XIX. mendeko estilo neobarrokoko eraikina da, eta Mundakako Hiri Planeamenduaren Babestu Beharreko Ondasunen Katalogoaren barnean aurkitzen da. Herriko ondare arkitektoniko horren inguruko
“legaltasuna eta babesa bermatzeko”, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturaleko Zerbitzuari kontsulta egin zion udalak, baiezko txostena jasoz.
Mundakako Larrinaga jauregia.
Bermatutako prozesua. Udala Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Sailagaz jarri zen kontaktuan, “behar den bezala jarduteko, eraikina ahal den beste babesteko eta Larrinaga jauregiko berriztatze lanen inguruan sortutako informazioen aurrean”, horietan berrizteko dauden elementu batzuen egoera zalantzen jartzen zirelako. Kontsulta egin ostean, udalak jauregiaren birmoldaketa prozesuan egindako jarduera “bermatuta” ikusten du.
Udalaren konpetentziari dagokionez, jaurlaritzaren erantzuna
“aldekoa” dela adierazi dute, bai eraikinaren ondare eta babesaren aldetik eta baita lanen betekizun legalaren aldetik ere. Jaurlaritzaren arabera Larrinaga jauregia “ez dago jasota Eusko Jaurlaritzaren kultura-ondasun kalifikatu edo inbentariatuen erregistroan”, eta horren ondorioz “kultura eta ondarearen eta erakinaren babesaren
eskumena Mundakako Udalarena da, eta modu subsidiarioan, aldundiarena”.
Gainera, aldundiko Ondare Historikoko Zerbitzuak lanen proiektuari “oneritzia” eman diola azaldu dute udaletik. Oneritzi horrekin “lanak gauzatzeko beharrezko lege-baldintzak betetzen direla” ulertzen du udalak. Baldintza horien barne jauregiaren atzealdean kokatuta dagoen fatxadaren eraisketa aurkitzen da, etorkizunean berriro eraikitzeko asmoagaz. Aldundiak adierazi duenez, «zaharberritu behar diren elementuen osotasuna bermatu» beharra dute.
Lurrazpiko aparkalekua. Larrinaga jauregiaren azpian
110 plazako lurrazpiko aparkalekua eraikitzen ari dira gaur egun. Zain Dezagun Urdaibai elkartearen arabera, atzealdeko horma eraisteaz gain jauregiaren sotoan aldaketak egin dituzte aparkalekuen lanak egiterakoan, eta eraikina ezin da eraitsi aldarrikatzen dute, “ez osorik ez partzialki”.