Lan harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatuko du LABek
Gaur bi orduko lanuzteak egitera deitu dute. Horrez gain, Bermeon, Gernika-Lumon, Gizaburuagan eta Ondarroan elkarrateratzeak egingo dituzte eguerdianLan harremanetarako euskal esparru propioaren aldarrikapena kalera aterako du gaur LAB sindikatuak. Bi...
Gaur bi orduko lanuzteak egitera deitu dute. Horrez gain, Bermeon, Gernika-Lumon, Gizaburuagan eta Ondarroan elkarrateratzeak egingo dituzte eguerdian
Lan harremanetarako euskal esparru propioaren aldarrikapena kalera aterako du gaur LAB sindikatuak. Bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak, eta horregaz batera, elkarretaratzeak egingo dituzte.Bermeoko Goiko Plazan, Gernika-Lumoko Merkurion eta Ondarroako Alamedan 12:00etan bilduko dira, eta Gizaburuagako Okamikako industrialdeko sarreran, 13:45etik 14:15era.
Halaber, hainbat enpresen aurrean ere egongo direla esan dute, esaterako, Gernika-Lumoko Losalen eta Bermeoko Salican, Wartsilan eta Zallon, eta Etxebarriko Nemaken.
Estatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eskatzen dute, «lan eta bizi baldintzen erabakiak Euskal Herrian hartu behar direlako».
Lan eremuan burujabetza eskuratu ezean, «estatalizazioaren eta prekarietatearen» menpe jarraituko dutela deritze. Hala ere, borroka sindikalaz gain, aldaketa politiko eta sozialerako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Esparru pribatuan zein publikoan estatu mailako lan baldintzak ezartzea da estatalizazioa. LABeko eskualdeko ordezkarien berbetan, estatalizazioaren helburua da bertoko lan hitzarmenak arautzen dituzten lan baldintzak «betetzeari uztea» eta lan baldintza «okerragoak eta merkeagoak inposatzea». Bertoko zein Espainiako estatuko patronalaren kontra gogor mintzatu dira, beste behin. Euskal sindikatu abertzaleko kideen ustez, patronalak lan baldintzen prekarizazioa eta zerbitzu publikoak pribatizatzea bilatzen du. Hala, langileen «kontura» patronalaren etekinak «biderkatzen» jarraitzen dutela diote.
Hemengo langileek eta sindikatuek euren lan baldintzak arautzeko daukaten erabakitzeko eskubidea ukatzea leporatzen diete: «Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatu nahi dituzte. Hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetu, eta hemen langileok dugun indar korrelazioa neutralizatu nahi dute».
Negoziazio kolektiboa zein negoziazio eremu berriak irekitzeko aukerak blokeatu, eta zentralizazioaren bidez estatalizazioa gauzatzen ari direla azaldu dute. Eremu publikoan, gainera, langileei eta azpikontratatutako langileei legeak inposatuta estatalizazioa lortu nahi dutela salatu dute.
Ekintza sindikal iraunkorra
Beraz, lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izateko, negoziazio eremu berriak irekitzeko borrokatzeko dei egingo dute gaurko mobilizazioetan. «Ekintza sindikal iraunkorra» giltzarria dela azpimarratu dute: «Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileok tokian toki antolatu eta aktibatu behar gara».