Jai usaina nabari da dagoeneko Ibarrangelun. Bihar Gorpuzti Eguna ospatuko dute, eta etzi jaurtiko dute txupina. Lorea dantza taldeko beteranoek irakurriko dute herriko jai nagusien aurtengo pregoia.
Tradizioan oinarritutako herriko jai nagusiak hasteko dena prest dute Ibarrangelun. Bihar Gorpuzti Eguna ospatu, eta barikuan herriko jai nagusien txupinazoa dute ibarrangelutarrek.
Aurten
Lorea dantza taldeko nagusienek irakurriko dute pregoia, eta jarraian txupina jaurtita hasiko dira ofizialki gorpuztiak. Hala, domekan pregoilari lanetan ariko dira taldeko helduak, eta domekan umeen txanda izango da. Mezaren ostean dantzatuko dute herriko txikienek.
Barikuko txupinazoaren aurretik, baina, herriko
marinel eta arrantzale ohiek urteko hitzordu berezia dute. Azken urteetan legez, Lagako Toki Alai Jatetxean bazkalduko dute. Goizean itsasontzian aterako dira, kresal usaina arnastuz garai bateko kontuak gogoratzeko.
Zapatu eguerdian,
Bermeoko erraldoi eta buruhandien eta eskualdeko dultzaineroen bisita jasoko dute, eta bazkalorduan Ibaetako frontoian elkartuko dira, giro ederrean. Betiko moduan, Esteibarrek eta Obietak izango dute bazkalostea alaitzeko ardura, eta arratsaldean eta gauean ere musikarik ez dute faltako.
Domeka arratsaldean ere gozatzeko hamaika aukera izango dute ume eta gaztetxoek, puzgarrietan, apar jaian eta quad zirkuituan.
Halaber, hurrengo asteburuan paellak egiten ariko dira kuadrilletan batuta. Baina, arratsaldeko
binakako esku pilota partiduak sortuko du ikusmina. Titin pilotari errioxar ezaguna egongo da Ibarrangelun; Arrizabalagaz bikotea osatu, eta Uriona eta Uriondoren kontra ariko dira zein baino zein gehiago.
Bestalde, ekaineko azken domekan,
mendi ibilaldia eginez agurtuko dituzte gorpuztiak. Bederatzigarren urtez egingo dituzte nagusien eta umeek mendi martxak.
EGITARAUA:
BIHAR (GORPUZTI EGUNA)
- 12:00. Meza santua, San Andre elizan.
- 12:30. Trikitilariak, Elexalden.
ETZI
- 10:30. Marinu eta arrantzaleen paseoa, itsasontzian.
- Eguerdian. Bazkaria, Toki Alain.
- 20:00. Txupinazoa Lorea taldeko dantzarien eskutik.
- Ondoren. Ibarrangeluko Trikitixa Eskolako gazteen emanaldia.
- 21:00. Bertso poteoa, Ander Elortegi, Xabat Galletebeitia eta Ibai Amillategi bertsolariekin, Elexaldeko tabernetatik.
- 23:00. Attitta Makurre Txaranga, Elexalden.
ZAPATUA
- 12:30. Bermeoko erraldoi eta buruhandiekin eta Busturialdeko dultzaineroekin, kalejira.
- 15:00. Herri bazkaria, frontoian.
- 16:00. Elantxobeko Zaldiak-ekin, paseotxoak, Ibaetan.
- 17:00. Obieta eta Esteibarregaz erromeria, Ibaetan.
- 20:30. Zerbikide disko festa, Elexalden.
- 22:00. Luhartz taldearen kontzertua, Elexalden.
DOMEKA
- 10:00. Diana txistulariekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 11:45. Lorea ume dantza taldearen emanaldia, Elexalden.
- 17:00. Umeentzako puzgarriak, frontoi berrian.
- 17:00. Gazteentzako quad zirkuitua, frontoi zaharrean.
- 20:00. Apar jaia, frontoi zaharrean.
EKAINAK 9, ZAPATUA
- 12:00. Paella Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:00. Umeen esku pilota eta pala partiduak.
- 19:00. Binakako esku pilota partidua: Titin III-Arrizabalaga vs. Uriona-Uriondo.
- 20:30. EinGO taldeagaz trikipoteoa, Ibaetatik Elexaldera.