Ingurunea ezagutu eta babesteko proposamen jarduna prestatu dute astebururako Ean.
Eako Udalak, Enaden Begiak Fundazioak, Eako, Natxituko eta Bedaronako erakunde, talde zein herritarrek, Alternatiben Herriak eta Euskal Herriko hainbat talde antinuklear eta ekologistek herri hausnarketa kolektiboa egitera hurreratzeko gonbita luzatu dute. 70 eta 80 hamarkadetan Euskal Herrian garatu zen
Zentral Nuklearrik EZ mugimendu “sendo eta arrakastatsuaren” nondik norakoak azalduko dituzte, eta inguru naturalari egiten zaizkion erasoak eta sortzen diren arriskuak aztertuko dituzte. Era berean, energia iturri berriztagarri alternatiboak hautatzeko arrazoiak helaraziko dizkiete bertaratutakoei.
Ogella
Orain dela hiruzpalau hamarkada
Lemoizko zentral nuklearra geldiaraztea lortu zuen aipatu mugimenduak. Horrekin batera,
Ea-Ogella, Deba eta Tuteran egin gura zituzten zentral nuklearren plana gelditzeko euskal jendarteak egindako “borroka emankorra” gogora ekarriko dute Ean. Euskal Kostalde Ez Nuklearra defendatzeko batzordeak koordinatu zituen herri desberdinetako indarrak eta askotariko ekimenak. “Memoria lantzearekin batera, gure ingurune naturalak duen balioaz herritarrak jabetu eta zaindu eta energia iturri berriztagarriak garatu ez ezik, hobestearen apustuari ekiteko moduak bistaratu gura ditugu”.
Enaden Begiak Fundazioaren gidaritzapean, garai hartako dokumentazioa, artxiboak eta balio handiko lanak babestuko dituzte “gordailu sendo batean”, jendearen eskuragarri jarriz.
Euskal Kostalde Ez Nuklearra defendatzeko batzordean aritutako batzuk haien esperientzia, materialak, lanak eta artelanak eskaini dizkiete Ean gordetzeko. Fundazioa eratu, materiala ordenatu eta herritarren zein ikerlarien esku jarriko dute.
Transmisioa ziurtatzen, ingurunea babesteko kontzientziazio lana egiten eta esperientzia eta lan berritua ziurtatzen ariko dira.
Besteak beste, gitzaldiak,
Energia trantsizioak: Piztu aldaketa dokumentalaren proiekzioa,
Karteldegia, Kronologia 1972-1984 erakusketa eta Enaden Begiak Fundazioaren aurkezpena egingo dituzte. Hala, domekako
herri bazkarira eta
itsasontziz egingo duten Ogellako txangora joateko
aurretiaz izena eman behar da Eskolondon edo udaletxean. Barikua [ekainak 1] da izena emateko azken eguna.
EGITARAUA:
ZAPATUA:
- 10:30. Lemoiz gelditzera daramatzan bideak hitzaldi-eztabaida, Eskolondon.
- 13:00-15:00. Orkestragaz kalejira Ean.
- 16:30. Ogellaren balio naturalaren eta paisajistikoaren azalpena Lurgaiakoekin, Ogellan.
- Ondoren. Altxorraren bila, umeentzat.
- 19:30-15:00. Dantzaldi erromeria, Aiko-gaz, Eako frontoian.
- 21:30. Energia trantsizioak: Piztu aldaketa dokumentalaren aurkezpena,?Eako frontoian.
DOMEKA:
- 10:00. Elantxobe-Ogella txango pedagokiko-erreibindikatiboa, Elantxobeko portutik irtenda.
- 13:00. Enaden Begiak Fundazioaren aurkezpena, Eskolondon.
- Jarraian. Gladis del Estal, oroimen-omenaldia.
- 15:00. Herri bazkaria Oihana Bartra eta Jon Maia bertsolariekin girotuta, Eako frontoian.
- 18:00. Energia berriztagarriak: aurkezpena, alternatibak eta eztabaida.
- Oharra. Karteldegia, Kronologia 1972-1984 erakusketa irekia egongo da Eskolondon, bi egunetan.