Aldundiak Gaztelugatxeren inguruan egindako proiektua "hanka motz" dagoela dio EH Bilduk
Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako Gaztelugatxeko San Joan, aukera bat itsasertzearentzat proposamenaren inguruko itauna egin dute Josu Unanue eta Meritxel Elgezabal EH Bilduko kideek Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Batzarrean.
Aldundiak Gaztelugatxeren 436 orriko proposamena pasa den martxoarean 20an aurkeztu zuen, hainbat arlotako eragile publiko eta pribatuak batuz biotopoaren etorkizuna erabakitzeko, batez ere ingurumenaren jasangarritasunaren alde egiteko asmoagaz.
Elgezabalek adierazi duenez, gabezi batzuk ikusi dituzte aldundiaren proiektuan, eta horren inguruko hainbat zalantza eta galdera sortu zaizkiela esan du. Zehaztapenak egiteko eskatu die aldundiko ordezkariei, “herritarren artean kezka handia” sortu baita proiektuaren ondorioz.
Herritarrengan eragina. Gaztelugatxe “bizkaitarren eta bermeotarren altxorra” dela nabarmendu du Elgezabalek, eta aldundiaren proiektuak argitu gabeko gai asko dituela uste dute. Batzarkidearen berbetan, “herritarren egunerokotasunean nolako eragina izango duen ikusita”, proiektuaren inguruko zalantzak argitzea “ezinbestekoa” da.
Elgezabalek adierazitako zalantzen artean, ekimenaren lehentasunak “zeren arabera eta nork” erabakitzen diren azaltzeko eskatu du, eta epe labur edo ertainean burutuko diren ekintzek zer nolako “eragina” izango duten: “Badakigu jardunketa faseetan egingo dela, baina zer nolako epeak izango dituzte? Zeri eman zaio lehentasuna?” galdetu du.
Ekintza bakoitzari lotutako partida ekonomikoaren inguruan ere hitz egin nahi izan du batzarkideak. 180.000 euroko aurrekontuarekin proiektu “osatuago” bat aurkitzea espero zuten EH Bildukoek, eta planarekin “zorrotzagoak” izan behar direla adierazi du: “sortu berri den proiektu hau apur bat hanka motz dagoela ikusten dugu”.
Bukatzeko, halako proiektu bat aurkezteko behar izan duten denbora guztia aurpegiratu die Elgezabalek: “Bermeok eta Bakiok aldarrikapenak egin dituzte eta ez dira kontuan hartu. Zergatik ez da ezer egin aurreko urteetan?”.
Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak erantzun dio, eta bere berbetan, “proiektua martxoaren 20an aurkeztu zen eta egun berean eragile guztiek jaso zuten proposamen hori”.
“Proposamen irekia”. Harrituta azaldu da Unzueta, EH Bilduren interpelazioan egindako galdera “guztiak” apirilaren 18an Bermeon egindako herri asanbladan erantzun zirela esanez: “azalpenak luze, zehatz eta argi emateko aukera izan genuen”. Unzuetaren arabera, “oso erraza da inolako konpromisorik hartu gabe” proiektua gustokoa ez dela esatea, baina plana aurrera eramateko “giza baliabideak eta ekonomi baliabideak” behar dira.
Proiektuari dagokionez, proposamenak egiteko azken eguna ekainaren 20a dela argitu du, “proposamen irekia” dela nabarmenduz, edozein eragilek “bere ekarpenak” egiteko aukera izanez. “Aldundia Gaztelugatxegatik pauso bat ematera komprometitu” zela, eta “horrela egin” dutela azpimarratu nahi izan du Unzuetak. “Zerbait era amankomunean egitea beharrezkoa” zela ikusi ondoren plana aurkeztea erabaki zuten, horretarako “administrazio ezberdinetako eragileekin” harremanetan jarri zirela esan du.