Bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak, eta horrekin batera, elkarretaratzeak egingo dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon.
12:00etan bilduko dira Bermeoko Goiko Plazan eta Gernika-Lumoko Merkurion. Beste hainbat enpresen aurrean ere egongo direla esan dute, esaterako, Gernika-Lumoko Losalen eta Bermeoko Salican, Wartsilan eta Zallon.
Estatalizazioaren eta prekarietatearen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eskatzen dute, “gure lan eta bizi baldintzen erabakiak Euskal Herrian hartu behar direlako”. Lan eremuan burujabetza eskuratu ezean, “estatalizazioaren eta prekarietatearen” menpe jarraituko dutela deritzote. Hala ere, borroka sindikalaz gain, aldaketa politiko eta sozialerako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Esparru pribatuan zein publikoan
estatu mailako lan baldintzak ezartzea da estatalizazioa. LABeko eskualdeko ordezkarien berbetan, estatalizazioaren helburua da bertoko lan hitzarmenak arautzen dituzten lan baldintzak “betetzeari uztea” eta lan baldintza “okerragoak eta merkeagoak inposatzea”. Bertoko zein estatuko patronalaren kontra gogor mintzo dira, beste behin. Euskal sindikatu abertzaleko kideen ustez, patronalak lan baldintzen prekarizazioa eta zerbitzu publikoak pribatizatzea bilatzen du. Hala, langileen “kontura” patronalaren etekinak “biderkatzen” jarraitzen dutela diote.
Negoziazio eremu berriak irekitzeko borrokatzera deitu dute
Hemengo langileek eta sindikatuek euren l
an baldintzak arautzeko duten erabakitzeko eskubidea ukatzea leporatzen diete: “Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatu gura dituzte. Hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetu, eta hemen langileok dugun indar korrelazioa neutralizatu gura dute”.
Negoziazio kolektiboa zein negoziazio eremu berriak irekitzeko aukerak blokeatuz, eta zentralizazioaren bidez estatalizazioa gauzatzen ari direla azaldu dute. Eremu publikoan, gainera, langileei eta azpikontratatutako langileei legeak inposatuta estatalizazioa lortu gura dutela salatu dute.
Beraz, lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izateko, negoziazio eremu berriak irekitzeko borrokatzeko dei egingo dute biharko mobilizazioetan.
“Ekintza sindikal iraunkorra” giltzarria dela azpimarratu dute: ” Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileok tokian toki antolatu eta aktibatu behar gara”.