Jaun Zuriaren kondaira bizi zuten zapatuan, Mundakan, herrikoek prestatu zuten jaialdiagaz. Egun osoan zehar jarduerez bete zuten udalerria, eguraldi zoragarriaren laguntzagaz bikingoen lehorretaratzea irudikatuz antzerki herrikoi baten bidez.
Lehen aldia dute Jaun Zuria jaialdia ospatzen dutena, eta antolatzaileek diotenez, dena «itzel» irten zen. Herriko biztanleek eta elkarteek prestatu zuten jaialdia, txapelketa batean aurkeztutako ideia baten ondorioz jaiotakoa. Antzerkiaz gain, Bizkaiko Jaun Zuriaren batailak eta historia berpizteko ideiarekin, Mundakan IX. mendeko kanpamentu bat eraiki zuten.
50 bat lagunek hartu zuten parte antzezlanean. Argazkia: Gotzon Madariaga
Kondairaren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko Jaurreriko sortzailea izan zen, lehen jauna. Batzuek diotenez, euskal mitologiako Sugaar izakiaren eta Mundakako printzesa baten semea izan zen Jaun Zuria, eta Padurako Guduan bizkaitarren eta Leongo erresumako tropen arteko batailan parte hartu zuen.
Drakkar batean iritsi ziren bikingoak Mundakara. Argazkia: Gotzon Madariaga.
Lehorretaratze bikingoa. Jaun Zuria ezagutzera emateko, bikingoen lehorretaratze bat antzeztu zuten Mundakako
50 lagun inguruk. Antolatzaileak «oso pozik» geratu dira antzezlanarekin: “beldurra genuen, halako zerbait egiten genuen lehen aldia zen eta ez gara profesionalak”. Lehorretaratzerako txalupa bat bikingoen itsasontzien, Drakkarren, modura, apaindu zuten, eta
Laidatxuko hondartzan egin zuten antzezlanaren lehen atala. Ondoren, herriko Talara joan ziren, bertan borrokak irudikatuz.
“Akats tekniko txiki batzuk kenduta oso ongi irten zaigula uste dugu”. Gainera, “jende asko” hurbildu zela nabarmendu dute, eta eguraldi onagaz batera “egun ederra” pasatu zutela. Jaialdiak mundakarrek
elkarren artean ezagutzeko balio izan duela adierazi dute antolatzaileek, “belaunaldien arteko harreman” bat sortuz, eta hori da beraientzako lan hori egitearen alde “positiboena”.
Jaialdia aurrera eramatea “parte hartzaile guztien lanari esker” soilik izan dela eman dute aditzera, eta etorkizunerako asmoei buruz galdetuta izaterakoan, datorren urtean jaialdia berriz errepikatzekotan “herriaren laguntza guztia derrigorrezkoa” izango dela aitortu dute.