Herriko mugen arteko ibilaldia egingo dute domekan
Ohitura galdu barik, tipi-tapa herriko mugetatik mendi martxa eginez agurtuko dituzte herriko jai nagusiak ajangiztarrek. Hain zuzen, aurreko bi asteburuetako jai giroaren ostean, domeka honetan egingo dute ibilaldia.Hamaikagarrenez egingo dute Mugari ...
Hamaikagarrenez egingo dute Mugari Bira, eta oraingo honetan ere bi ibilbide dituzte aukeran; bata 20 kilometrokoa da, eta bestea, berriz, familia artean egiteko aproposagoa den 11 kilometrokoa da.
Biak ala biak Ajangizko plazan hasi eta amaituko dituzte.
Ibilaldi luzeena egitera doazenak 08:30ean irtengo dira udaletxe aurretik, eta beste martxa egiteko, ostera, 09:30ean jarri dute ordua.
Hala ere, ibilbide bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago izena eman eta ordaindu beharko dela jakitera eman dute. 12 urtetik gorakoek 7 euro ordaindu behar dituzte.
Martxa amaitzen denean, izena eman duten guztiek opari bana jasoko dute.
Betiko moduan, ibilbidean seinaleak jarrita egongo dira, eta partaideek martxan doazela indarrak hartzeko bi hornidura puntu ipiniko dituzte. Mentzetan eta Arrietagane basora doan bidegurutzean egongo dira anoa postuak.
Gainera, bukatzean, hamaiketako ederra egongo da parte hartzaile guztientzat.
Arratzu, Gernika-Lumo, Muxika eta Mendata dira Ajangizekin muga egiten duten udalerriak, eta Mugari Bira martxan bost herrietako txoko eder eta ezkutuak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Ohiko ibilbideak prestatu dituzte.
Martxa luzekoek Ajangizko plazatik irten, eta Burgoa, Olesko, Argana, Aristieta, Kanpantxuko plaza, Mentzeta, Eperlanda, Solaurren eta Pertxamendi zeharkatuko dituzte. Ibilaldi laburrean parte hartzen dutenek luzekoen ibilbide bera edukiko dute Mentzetaraino. Baina hara heltzean Maierretik doan bidetik bueltatuko dira Ajangizko plazara.