Arrantza iraunkorraren alde
Bermeoko 24. Arrain Azokak hegaluzearen sektorean iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren alde egin du, ozeanoak zaintzeko beharra aldarrikatuz.Beste urte batez, Arrain Azokak herriko produktuak dastatu eta erosteko aukera eskaini die Bermeora hurbil...
Bermeoko 24. Arrain Azokak hegaluzearen sektorean iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren alde egin du, ozeanoak zaintzeko beharra aldarrikatuz.
Beste urte batez, Arrain Azokak herriko produktuak dastatu eta erosteko aukera eskaini die Bermeora hurbildu direnei. Jai giro ederrean, bermeotarren ondareaz eta historiaz gozatzeaz gain, itsasoak emandako identitatea ezagutzeko aukera izan dute bisitariek.Itsasoaren jasangarritasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egin dute 24. Arrain Azokan, eta hainbat ekitaldi eta jarduerez gain, Bermeo Tuna World Capital proiektu berritzailearen aurkezpena egin dute proiektuari bereziki eskainitako gunean.
Hegaluzearen sektorean praktika onak eta iraunkortasuna sustatzeko proiektu global bezala aurkeztu dute BTWC, eta azpimarratu dute hainbat enpresa eta elkarte batzen dituen «aliantza publiko-pribatu» batetik jaiotakoa dela.
Hainbat hilabetez lan egin ondoren, jaiotako proiektua dela aldarrikatu eta erronka nagusia «mundu mailan hegaluzearen kudeaketa jasangarria sustatzea» dela esan dute, beti ere «ezagutzatik eta praktika onen lidergotik abiatuta». Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeo «liderra» da horretan, eta arrantza jasangarriaren praktiketan mundu mailako «erreferentea» izatea lortu du, «egoera berrietara egokituz hori aurrera eramateko».
Bermeok «hegaluzearen hiriburua» izateko arrazoiak badituela esan du Bidegurenek, eta, beraz, «izan direna eta direna kontuan izanik» munduari begira ari direla argi utzi nahi izan du: «Arrantza iraunkorra arrantzak irauteko egin nahi dugu, ozeanoen zaintza bizirik irauteko egin nahi dugu, eta kultura eta nortasunaren zaintza herriak biziraun dezan».
Horrela, BTWCen gune barruan proiektuak bere baitan hartuko dituen hainbat ekimenei buruzko jarduera berriztatzaileak prestatu zituzten astebururako Azti, PIE-EHU, HAZI eta azokako enpresek: Basque Culinary Center-en showcooking-a; arraina eta ardoaren arteko maridajeak; PIE-EHUren ikasgela; tunidoen markaketari buruzko azalpenak, erakusketak, tailerrak eta dastaketak izan dituzte aukeran asteburuan gunera joan direnek.
22. Hegaluze Sarien banaketa inaugurazio ekitaldian bertan egin zen, eta Bermeoko hegaluze izoztailearen sektoreak jaso zuen saria: Inpesca, Atunsa, Pevasa, Nicra, Albacora, Garavilla eta Echebastar enpresetako ordezkariek Bidegurenen eskutik jaso zuten Hegaluze Saria. Alkateak «arrantza jasangarriaren alde egin dituzten ekarpenak» nabarmendu zituen, eta enpresei zorionik beroenak eman zizkien.
«Profesionaltasun maila handia duten enpresak» direla adierazi zuten saridunek, baina beti «Bermeoko arrantzale izaera mantenduz». Sariarengatik harro, «Bermeoko atunontziak mundu mailan kategoria gorenekoak» direla nabarmendu zuten, eta «jasangarritasunaren eta iraunkortasunaren alde» jokatzen jarraitzeko asmoa daukatela. Sari banaketaren ostean, Xixili klubeko nesken gimnasia erritmiko emanaldi ederragaz go- zatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Inaugurazio ekitaldiari bukaera emateko, alkateak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, Bittor Agirre Arrain Azoka Elkarteko eta BTWCeko kideak eta Ignacio Serrats BTWC elkarteko lehendakariordeak ozeano bakoitza sinbolizatzen zuten ur botiletatik munduko bolara ura jaurti zuten, itsasoaren eta ingurumenaren jasangarritasunaren alde lan egingo dutela aldarrikatuz.
Azokaz gozatuz
Azoka inauguratuta, Bermeora hurbildu zirenek denetariko ekintzetan parte hartzeko aukera izan zuten.
Zapatua izan zen azokara bisitari gehien hurbildu zen eguna. Bermeo urdinez jantzi zen, eta Lameran jarritako postuetan saldutako kontserbez gain, musikagaz batera gozatzeko aukera egon zen: danborradak eta kalejirak alaitu zituen kaleak. Gainera, Arrantzalen Kofradia Zaharrean hegaluze errea eta marmitakoa jateko aprobetxatu zuten herritarrek.
Horrez gain, arrain salmenten simulazioak eskaini dituzte kofradian. Horien bitartez, salerosketa horiek nola egiten diren bizitzeko aukera eduki dute parte hartzaileek.
Euskaraldiak ere bere txokoa izan du Arrain Azokan. Ekimenaren berri jasotzeaz gain, ondo pasatzeko ekintzak eduki dituzte aukeran handik pasatu diren herritarrek.
Eta azoka itxi aurretik, Ardoaren eta Arrainaren ibilbideari amaiera eman zioten domekan. Ibilbidean parte hartu zutenei harrera egin zieten, erraldoi eta dultzaineroak lagun. Eta alkatearen eskutik diploma bat jaso zuten, ibilbidea egitea lortu zuten adierazgarri.
Protestak, Lameran
Herriko hainbat taldek Arrain Azokaren inaugurazioa aprobetxatu zuten beraien aldarrikapenak kalera ateratzeko.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek antolatutako kontserbagileen hitzarmenaren aldeko protestak izan ziren; hitzarmen duina lortzeko borrokan jarraituko dutela aldarrikatu zuten.
Astillero Toxikorik Ez plataformak ere elkarretaratzea egin zuen. Udalak Astilleros de Bermeo SL enpresari jarduera lizentzia eman zion iaz; haren bidez, beira zuntzezko itsasontziak eraiki ahal izango ditu ontziolak. Plataformaren arabera, «lizentzia horregaz ontziolak toxikoak diren materialak erabili ahalko ditu ontziak eraikitzeko», eta horregatik, hainbatetan salatu izan dute egoera hori.
Horiez gain, udalari Sollubeko tunela egiteko proiektua martxan jartzea eskatzen dioten herritarrak batu ziren Lameran.