11:00etan zabaldu dituzte 24. Arrain azokako postuak, eta 13:00etan eman diote hasiera inaugurazio ekitaldi ofizialari,
Bermeo Tuna World Capital proiektuari eskainitako karparen barruan, Xixili klubeko gimnasten ikuskizunarekin batera.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak, Bittor Agirre Arrain Azoka Elkarteko eta BTWCeko kideak eta Ignacio Serrats BTWC elkarteko lehendakariordeak inauguratu dute azoka, ozeano bakoitza sinbolizatzen duten ur botiletatik munduko bolara ura jaurtiz.
Aurtengo inaugurazio ekitaldiaren protagonista Bermeo Tuna World Capital egitasmoa izan da. Atunaren sektorean praktika onak eta iraunkortasuna sustatzeko proiektu global bezala aurkeztu dute BTWCa, hainbat enpresa eta elkarte batzen dituen “aliantza publiko-pribatu” batetik jaiotako proiektua dela azpimarratuz.
“Hainbat hilabetez lan egin ondoren” jaiotako proiektua dela aldarrikatu dute aurkezpenean, eta bere erronka nagusia “mundu mailan hegaluzearen kudeaketa jasangarria sustatzea” da, beti ere “ezagutzatik eta praktika onen lidergotik abiatuta”. Alkateak adierazi duenez, “Bermeo kausa horren liderra” da, eta “arrantza jasangarriaren praktiketan
mundu mailako erreferentea” izatea lortu du, “egoera berrietara egokituz” hori aurrera eramateko.
Bermeok “atunaren hiriburua” izateko arrazoiak badituela aldarrikatu du Bidegurenek, eta beraz, “izan garena eta garena kontutan izanik” munduari begira ari direla argi utzi nahi izan du: “arrantza iraunkorra arrantzak irauteko egin nahi dugu, ozeanoen zaintza bizirik irauteko egin nahi dugu, eta kultura eta nortasunaren zaintza herriak biziratuteko”.
Hegaluze Saria
Hegaluze sarien banaketa inaugurazio ekitaldian bertan eman da aurten, eta Bermeoko
atun izoztailearen sektoreak jaso du saria: Inpesca, Atunsa, Pevasa, Nicra, Albacora, Garavilla eta Echebastar enpresetako ordezkariek Bidegurenen eskutik jaso dute 22. Hegaluze Saria. Alkateak
“arrantza jasangarriaren alde egin dituzten ekarpenak” nabarmendu nahi izan ditu, enpresa horiek zorionduz.
“Profesionaltasun maila handia duten enpresak” direla adierazi dute saridunek, baina beti “Bermeoko arrantzale izaera mantenduz”. Sariarengatik harro, “Bermeoko atunontziak mundu mailan kategoria gorenekoak” direla nabarmendu dute, eta “jasangarritasunaren eta iraunkortasunaren alde” jokatzen jarraitzeko asmoa daukatela.
Azokarekin hasiz
Sari banaketaren ostean Xixili klubeko neskek gimnasia erritmikoaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Bidegurenek gogorarazi duenez, domekara arte, Bermeoko 24. Arrain Azokak “ekitaldi berritzaile ugari eskainiko ditu, herriak kulturari, historiari, ekonomiari eta itsasoari hain lotuta duen nortasuna” erakusteko.
Bukatzeko, herritarrak Bermeoko “produktuak dastatu, ezagutu eta erostera” animatu ditu, “itsasoaren munduan murgiltzeko eta hori zaintzearen garrantzia ezagutzeko, jai giro paregabean, eta adin guztietarako pertsonentzako ekintzekin”.
24. Arrain Azokako argazki galeria ikusi ahal izateko klikatu
hemen.