Parke bio-osasungarriei buruzko ikastaroa ematen hasi dira Bermeon
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, parke bio-osasungarriak behar bezala erabiltzen irakasten ari dira Bizkaiko hainbat herritan.
Ikastaroak asteon hasi dira, eta ekaina bukaerara bitartean egingo dira; zortzi saio egingo dituzte. Taldeak osatuta egon arren, interesa duten herritarrek udaletxeetan izena eman ahal dutela esan dute aldundiko ordezkariek.
Zehatz esateko, 20.000 biztanletik beherako Bizkaiko 13 udalerritan egiten ari dira ikastaroak. Saioak prestatzaile espezializatuek gidatuko dituzte, eta doakoak dira.
Ekimen honen bidez, azken urteetan egin legez, aldundiak parke bio-osasungarrien erabilera bultzatu nahi du. “Parke bio-osasungarriak pertsona nagusiei zuzendutako ariketa fisikoaren jardun osasungarrirako lanabesak dira, eta horiek bultzatu nahi ditugu”.
Teknikariek ariketak egiteko makinak nola erabili behar diren azalduko diete herritarrei. Saioak ordubete ingurukoak dira, eta taldeak gutxienez bost pertsonakoak izan behar dira (gehienez 20 pertsona).
Bermeogaz batera, ondoko herrietan ere egingo dira saioak: Ondarroa, Markina-Xemein, Elorrio, Ermua, Zaldibar, Berriz, Berango, Etxebarri, Abanto Zierbena, Bermeo, Arrigorriaga (Abusu) eta Lemoa.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren Osasunera Kirolaren Bidez egitasmoaren baitan dago kokatuta. Egitasmo horrek bizkaitarren artena bizimodu osasuntsurako ohiturak bultzatzea du helburu. “Zentzu horretan, parke bio-osasungarri gehiago ipini ditugu, ariketa leuna modu erakargarrian egiteko»”.