Kanarietan ere, geldiezin
Maria Zorroza gernikarrak beste garaipen garrantzitsu bat eskuratu du La Palmako Transvulcania maratoian
Korrikalari nekaezina da Maria Zorroza gernikarra, eta azken urteotan goi-goian ari da, probaz proba eta txapelketaz txapelketa lehiak irabazten zein podium garrantzitsuetan sartzen. Bere azken balentria Kanariar Uharteetan lortu du; 45km-ko Transvulcania maratoi ezaguna irabazi zuen zapatuan.
Lau ordu, 51 minutu eta 22 segundotan burutu zuen La Palmako proba; lasterketan osoan lehia estua eduki zuen Montse Martinezegaz, eta azkenean, bi minutuko aldea atera zion arrolapetarrak. Paloma Lobera sailkatu zen hirugarren, bost ordu, hamabost minutu eta 34 segundoko denboragaz.
Cabo Berdeko Danilson Pereira helmugaratu zen lehenengo, lau ordu, bost minutu eta 33 segundoko markagaz. 34 segundora ailegatu zen Wilson Cardoso, eta Juan Esteban de las Peñas sartu zen hirugarren (4.06.23).
Refugio de El Pilar-en hasi eta Puerto de Tazacorten amaitu zuten mendi lasterketa, eta Rogue de los Muchachos irlako puntu garaienetatik igaro ziren, besteak beste.
Aurten hamargarrenez lehiatu dute kanariar proba ezaguna. Ultramaratoia, maratoia, maratoi erdia eta kilometro bertikala lehiatzen dituzte.