Errefuxiatuek bizi duten egoera azaltzea bilatzen dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformeko kideek, hainbat sentsibilizazio kanpainekin. Domekan Ean batu ziren, bazkaldu eta elkar ezagutzeko asmoagaz.
“Harremanak eraikitzeko” asmoagaz batu ziren Ean. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea
Herriko frontoian
harrera ekitaldia eginez eman zioten hasiera ongi etorriari, ostean argazki erraldoia ateraz bertaratutako guztiekin batera. Argazkia Eako zubian atera zuten, harreraren helburua islatu guran: harremanak eraikitzea asmoa izan zen ongi etorria egitearen xedea,
zubiak eraikitzea. Taldekoak benetan pozik azaldu dira harreran batutako jendearekin, “ia Ea guztia bertan bildu” zela esanez.
Ondoren, bazkaria egin zuten Eskolondon,
40 bat lagunekin. Ez zen halako egun bat antolatzen zuten lehenengo aldia: Belendiz eta Bermeon ere ospatu dituzte antzeko ongi etorriak. Hori dela eta, topaketa hauetan dagoeneko bertaratuen artean
“konfidantza” maila bat sortu dela adierazi dute taldekoek: “Domekan batera jaten aritu ginen, partekatzen, gure seme-alabek batera jolasten zuten bitartean”.
Bazkarian hainbat herrialdetatik etorritako errefuxiatuak izan ziren: senegaldarrak, keniatarrak, afganistandarrak edota boli kostatik etorritako jendea hurbildu zen. Datorren hilabetearen bukaeran laugarren bazkari bat egitea aurreikusita dute, Gernikan.
Harrera eskualdea
Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kideek eskualdeko errefuxiatuak jasaten ari diren
egoera larria salatu dute. Busturialdean bizi arren, asko dira
errolda paperak lortzeko aukerarik izan ez dutenak: “Gernika edo Bermeon lau edo bost hilabetez bizi izan diren arren pertsona hauentzat oso zaila da errolda paperak bezalako zerbait sinplea eta arrunta lortzea”.
Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea.
Bizi duten egoera hori hobetzeko asmoagaz, Gernika eta Bermeoko udalekin kontaktuan jarri direla adierazi dute taldetik, “Busturialdea harrera eskualde bat bilakatu nahi den” argitzeko.
“Sare afektibo bat” sortu gura dute taldekoek, eta hori eman ahal izateko errefuxiatuek paperak lortzeko aukera beharrezkoa dela aldarrikatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformekoek.