Euskaraldiaren argazki lehiaketa izango da Arrain Azokan
Euskaraldiak Bermeoko XIV. Arrain Azokan ere bere txokoa izango du. Argazki lehiaketa baten bidez Euskaraldia eta Azoka batzeko asmoa dute antolatzaileek.
Horrela, barikuan 17:00etan emango zaio hasiera lehiaketari. Instagram bidez bakarrik parte hartu ahalko da, eta igotako argazkietan #arrainazoka18 eta #euskaraldiabermeon traolak erabili beharko dira. Orijinaltasuna eta euskararen ulermena saritzea bilatuko dute antolatzaileek, eta 16 urtetik gorakoek soilik parte hartu ahalko dute argazki lehiaketan.
Domekan, 12:00etan, bukatuko da argazkiak Instagramera igotzeko epea, eta sari banaketa 14:00etan emango da Euskaraldiak Arrain Azokaren barnean izango duen stand-ean, irabazleentzako “sorpresak” banatuz.
Euskaraldia zabaltzen
Antolatzaileen arabera, argazki lehiaketa euskaraldia “jende gehiagorengana” iritsi dadin prestatu dute, eta ekimena batez ere gazteengana hurbiltzeko asmoagaz egin dute: “askotan gazteengana iristea zaila izaten da, baina sare sozialetan egindako lehiaketa baten bitartez horien artean zabaltzea bilatzen dugu”.