Beñat Albizbeaskoetxea urruzunotarren sarera gehitu da
Euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean bultzatzea helburu duen Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketaren saridunak ezagutara eman dituzte. Beste urte batez, sarituen artean daude Busturialdeko eta Lea-Artibaiko institutuetako ikasleak.
Gernika BHIko Beñat Albizbeaskoetxea Sanchez Zein urrun dagoen Europa lanagatik saritu dute, prosa B mailan. Ilusioz beterik hartu du saria, eta institutuko ordezkariek zoriondu egin dute: “Oso pozgarria da gure ikasleek euren ibilbide akademikoaz gain dauzkaten beste gaitasunetan maila bikaina erakustea eta sariak lortzea”. Gernika-Lumoko institutuko ikasleak, sari modura, Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean literatura-egonaldia egingo du, irailaren 3tik 7ra. Saridun guztiek, literatur-tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dituzte egonaldi horretan.
Poesian nahiz prosan bi maila bereizten dituzte (A eta B). Aurten poesia?B mailan ez dute saririk banatuko. Izan ere, epaimahaikideen ustez aurkeztutako bi lanek ez dute saritzeko moduko mailarik. Ondorioz, kategoria eta maila honi dagozkion bost sariak prosan banatzea erabaki dute; horietatik hiru A mailan eta beste biak B mailan.
Sari banaketa irailean
Betiko moduan literatur munduko izen ezagunek osatu dute epaimahaia. Hain zuzen, Leire Bilbaok, Jasone Osorok, Gari Berasaluzek, Peru Iparragirrek eta Goiatz Labandibarrek izan dute DBHko, Batxillergoko eta Erdi Mailako zikloetako ikasleen lanak aztertzearen ardura.
Kategoria eta maila guztiak kontuan hartuta, 120 lan aurkeztu dituzte, eta horietatik 20 saritu dituzte.
Sari banaketa ekitaldia irailaren 7an egingo dute, Donostian. Ordurako lanak argitaratuko dituztela jakitera eman dute.