Abel Muniategi Elortza ohorezko euskaltzain izendatu dute
1942ko irailaren 30ean Ereñon jaioa, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen, eta unibertsitate horretako irakasle eta abokatu izatetik erretiroa hartuta dago. 1987ko uztailaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bertsolaritzaritzagaz duen loturagatik ezagutzen dute beste askok. Izan ere, bertsolari, epaimahai eta gai jartzaile izandakoa da. Hala, Zenbat gera abesti ezagunaren egilea da, eta 1995an Bertsogintza Bizkaian idatzi zuen. Hainbat aldizkari eta egunkaritan ere idatzi du, besteak beste, Olerti, Goiz Argi, Arantzazu, Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Arbola eta Deiarako testuak egin ditu.
Hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu ditu Euskaltzaindiak. 5 emakumezko eta 11 gizonezko dira; bost bizkaitar, sei gipuzkoar, bi lapurtar eta baxenabartar, arabar eta nafar banak osatzen dute aipatu zerrenda.
Aipatu hamaseikoan askotariko jatorriko zein lanbideetako pertsonak daude; hezkuntza, filosofia, soziolinguistika, bertsolaritza, literaturgintza, kazetaritza, kantagintza edota itzulpengintza arloan ari diren edo aritu izan diren pertsonak izendatu dituzte.
Jakitera eman dutenez, apirilean Bilbon egin zuten osoko bilkuran izendatu zituen Euskaltzaindiak. Bere arautegiaren arabera, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak. Beti ere, “euskarari egindako mesede bikainengandik” nabarmendu diren pertsonen artean hautatzen dituzte.
Muniategigaz batera, honako hauek osatu dute ohorezko euskaltzain berrien zerrenda: Martxel Andrinua Lariz, Jose Maria Rementeria Ibarluzea, Txomin Solabarrieta Etxaburu, Julen Urkiza Txakartegi, Miren Jone Azurza Aristegieta, Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Auxtin Zamora Durruty, Henri Duhau, Izaskun Gastesi Zubeldia, Jose Antonio Aduriz Zabala, Pello Zabala Bengoetxea, Sabin Salaberri Urzelai, Manex Pagola, Mari Jos Azurmendi Aierbe eta Txaro Arteaga Ansa.
Aurreko euskaltzainen azken izendapena 2014ko maiatzaren 30eko Donostiako osoko bilkuran egin zuten.
Oraingo honetako hamaseikoagaz, 49 gizon emakumek osatzen dute ohorezko euskaltzainen zerrenda.