Bermeoko Udalak
Berdintasuna saretzen deitutako Berdintasunerako Udal Plana lantzeko prozesua hasi du. Horretarako, emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren alorrean orain arte egindako
lanaren ebaluazioa, eta gaur egun bizitako egoeraren
diagnostikoa egiten ari dira.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “genero-ikuspuntua txertatzea, nazioartean eta Europan gomendatzen den lan-estrategiko bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri-aginteen jarduera zuzendu eta orientatu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada”.
Hori dela eta, udalak “emakumeen eta gizonen berdintasunari beste bultzada bat” eman nahi diola adierazi du alkateak, eta horretarako “berdintasunaren inguruan orain arte egindako lana ebaluatu eta egoera aztertu” behar dutela azpimarratu du.
Planean, “hurrengo urteetan berdintasunaren alorrean jorratu nahi diren helburuak, eta bestetik, helmuga horietara heltzeko zehaztutako ekintzak” jasoko direla argitu du alkateak.
Egoera ebaluatzeko galdetegiak
Hori aurrera eramateko, Udalari eta udalerriari buruzko
datuak eta informazioa bildu dituzte eta Bermeoko talde feministekin eta emakumeen taldearekin batzar batzuk egin dituzte. Ez hori bakarrik, “udaleko langileek eta herritarrek berdintasunaren inguruan duten pertzepzioa eta ikuspegia” ere jaso nahi direla gaineratu du.
Bermeoko Udalaren
webgunean galdetegiak jarri dituzte, herritarrek berdintasunaren inguruan daukaten ikuspegia jasotzeko asmoagaz. Herritarrek
maiatzaren 14tik 27ra arte edukiko dute galdetegiak betetzeko aukera, eta erantzunak erabat
anonimoak izango dira.
“Galdetegiaren bidez jasotako informazioa oso baliagarria” izango dela uste du Bidegurenek, eta “berdintasunak gaur Bermeon daukan tokia ezagutzeko eta aurrera begirako erronkak zehazteko” balioko duela adierazi du.
Alkateak herritar guztiak animatu ditu galdetegiak betetzera, “berdintasuna lortzeko eta jendartea eraldatzeko guztion inplikazioa beharrezkoa” dela adieraziz. Gainera,
herritarrekin bi saio ireki egingo direla jakinarazi du. Lehenengoan, diagnostikoa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte, eta bigarrenean, Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Udal Plana landuko dute.
Berdintasun Plana “Bermeoko Udalak herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan tinko jarraitzeko oinarri-oinarrizkoa izango den baliabidea” izango dela adierazi du Bidegurenek.