Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten ari den Sollube 1937 elkarteak ekitaldia antolatu du gaur eguerdian Mañu auzoan Solluben hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zuten gudariak omentzeko.
Taraskatik atera dira zenbait lagun mendi martxan Mañu auzoraino, eta, bidean, batailak izan ziren tokiak bisitatu dituzte.
Euria ez dute lagun izan, eta, hortaz, aterpean egin behar izan dute ekitaldia. Sollube 1937 elkarteko kide Andoni Santiagok hartu du hitza, eta bertaratutakoei eskerrak emanaz hasi du ekitaldia.
Memoriaren alde lan egiten duten norbanako zein kolektiboak omendu gura dituztela aipatu du: tartean,
Esteban San Pedro.
Bestalde, gogoratu du “faxismoaren aurka eta askatasunaren alde egin zutela Sollubeko bataila hartan”, eta bertan, 300 hildako baino gehiago izan zirela.
Antifaxismoaz jardun da, eta 36ko gerraren ostean ere
“garrantzia” izan duela azpimarratu du: Bigarren Mundu Gerran eta gaur egun ere. Egun, gainera, faxismoak “era eta aurpegi ezberdinak” dituela adierazi du.
Sare Antifaxistako kideak hartu du ondoren hitza.
Gaur oroitu nahi izan dituztenen izenak aipatu ditu:
Pedro Madariaga eta Marcelino Bilbao; biak ala biak nazismoaren biktimak. Azkena, gainera, Sollubeko batailako gudaria, mediku-esperimentuetarako erabili zutela jakinarazi du.
Horiek eta gainontzekoak ahanzturan gera ez daitezen, oroimenaren, duintasunaren, erreparazioaren eta justiziaren aldeko aldarria egin dute.
Juan Mari Zulaikak, aldiz, Maria Servini epailea ikertzen ari den
frankismoaren krimenen kontrako auzia izan du hizpide gaurko ekitaldian. Hala, auzi horretan,
kereilak jarri izan direla azaldu du, baina horiek
“blokeatuta” daudela jakitera eman du. “Amnistia Legearen aitzakipean, gobernuak ez du utziko epaile argentinarra hona etor daiten, eta berton aitorpenak har ditzan”.
Hala ere,
borrokan jarraituko dutela aldarrikatu du, “egiaren eta justiziaren alde, eta bihotz-bihotzetik orimen handiagaz”.
Bermeoko alkate Idurre Bideguren ere izan da gaur Mañuko ekitaldian, eta
memoria ikertzen, aztertzen, lantzen eta zabaltzen ari den taldea eskertzeko aprobetxatu du momentua. Bakoitza emateko daukan lekutik ematen saiatu behar da, alkatearen ustez.
Udala, bere aldetik,
erreparazioaren alde pausoak ematen jarraitzeko prest dagoela adierazi du Bidegurenek. “Historiatik asko daukagu ikasteko, jarrera kontuetatik asko daukagu ikasteko: 36ko gerran gudariek erakutsi zuten kemena, askatasunerako gosea, indarra… Beraz, oroimen ekitaldi honetan, horientzako goraipamen bat”.
Urte hartako maiatzaren lehenengo hamabostaldia gogorra izan zela gogora ekarri du alkateak, “baina orduz geroztik ere, herri honek sufritu izan duena eta
frankismoak utzi duen eragina –dela politiko, ekonomiko, kultural zein sozialki–
gogorra izan da, urte askotan“. “Aitortu egin behar dugu, erreparatzen saiatu behar gara, eta etorkizuna guztien artean eraiki behar dugu”.
Modu berean, frankismoak gizartean utzitako eragin hori gudariengan ez ezik, bigarren maila batean egondakoengan ere izan zuela azpimarratu nahi izan du eta horiei ere
aipamena egin nahi izan die: “bai
umezurtz, bai
emakume eta bai beste gizarte osoari”. Izan ere, “lehenengo mailan egotea garrantzitsua da, baina bigarren mailan inor ez badago lehenengokoek ez daukate zer eginik”.
Bukatzeko, mikrofonoa alde batera utzita,
aurreskua dantzatu,
talde argazkia atera, eta
mokadutxoa jateko aprobetxatu dute bertaratutakoek.