Euskal preso eta iheslarien egoera soluzioaren parte bihurtzea aldarrikatuz, kartzelaz kartzela egiten diren ibilbideak oroimenean bakarrik geratzeko beharra azpimarratu dute sarekideek.
Oroimenean gordetakotik ikasten da. Eta badago zer gorde betiko oroimenean; soilik gomutan geratu beharrekoak edota dokumentazio zentroetako artxibo historikoetan eta egunkarietako hemeroteketan.
36ko gerratik gaur egunera. Garai hartako espetxeetatik egungoetara. Herri memoriaren lanketan diharduen Sare Gernika-Lumok 81 urte espetxez espetxe ekimena aurkeztu zuen apirilaren 28an. Izan ere, duela 81 urte egun horretan argitaratu zen The Times egunkarian George Steer kazetariak egun bat lehenago idatzitako kronika.
1937ko apirilaren 26an eta 27an Gernikan egon zen kazetari britainiarra, eta ikusitakoa Mundu osora zabaltzea zor zaio. Gertaerak soilik ez; bonbardaketaren ondorio eta erantzuleen jokabidea ezagutara eman zituen sarraskiaren kontakizun hark. “Gernika, euskaldunen hiririk zaharrena, eta haren tradizioaren muina, erabat suntsitu zituen atzo arratsaldean matxinatuen hegazkinek”, idatzi zuen Steerrek.
Gernikaren bonbardaketaren urteurrenean, memoria historikoaren garrantzia nabarmentzen da aldiro. Ez ahaztea, eta orduko errealitate gordinetik gaur egungora ikasitakoagaz aurrera egitea. Belaunaldiz belaunaldi, historiaren eta balioen transmisioa bermatzea.
Antzekotasunak
Sare Gernika-Lumok egindako Oroimen Ibilbidean, orduko eta gaurko kartzeletako errealitateak lotu dituzte. “Tamalez, oroimen ibilbide honetan ohartuko gara orduko eta gaurko espetxeen errealitateak ez direla hain ezberdinak: bizi baldintzak, gaixotasunak eta testuinguruak blaituriko erradiografiak bizirik dirauelako”.
Gernikazarra elkarteko kide Jose Angel Etxaniz Ortuñez eta Vicente del Palacio Sanchezen ikerketa lanetatik ateratako dokumentazioagaz eta Gernikako Bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroa-Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak utzitako argazkiekin osatu dute ibilbidea.
Espetxeak oroimenean baino egon ez daitezen, ezagutzeko eskubidea eta ardura aldarrikatu, eta espetxeen errealitatea amaitu beharreko erronka dela azpimarratu dute sarekide gernikarrek.
1937ko apirilaren 26az geroztik, kartzelaz kartzela barreiatutako anatomiaren abiapuntua izan ziren Gernikako kartzelak edo atxilotze guneak. Hondakinak kendu, eta herriaren berre-raikitze lanean aritzeko lehen langile presoak 1938ko maiatzean heldu ziren. Bizi baldintza gogorretan behar egitera behartu zituzten. “Presoek segurtasun eta higiene baldintza negargarrietan eraman zituzten aurrera herriaren berreraikitze lanak. Gutxieneko garbitasuna bermatzeko mangera bategaz garbitzen ziren Agustinoetako patioan, beti ere taldeka”.
San Agustinoen ikastetxea espetxe-ospitale moduan egokitu zuten. Gaur egun herriko institutua dagoen lekuan egon ziren preso batzuk. Oroimen ibilbide horretan geratu beharreko geralekua da. 36ko gerra, frankismoa eta demokrazia orain ikasgai diren lekuan gordetzen da orduko historiaren eta istorioen parte garrantzitsu bat.
Institutua dagoen lekuan zegon Agustinoen ikastetxea. Gerrako Presoentzako Espetxe Ospitale Militarra izan zen, 1938tik 1940ra.
1938ko maiatzean heldutakoei Pasealekuko Eskola Publiko Nazionalean eman zieten aterpe. Eurek atondu behar izan zuten euren bizilekua, eta Kaltzada Egoitzak emandakoari esker elikatzen ziren. Pasealekua ere bada, beraz, oroitzeko gunea. Garai bateko azokaren kokalekua herriko historiaren eta garapenaren lekuko isila izan da. Gernikarren bilgune kuttuna bai lehen eta bai orain.
Dakiguna eta ez dakiguna
Preso haien bizi baldintza txarrak, leku falta, gaixo larriak, heriotza… Informazioaren parte bat ailegatu da gaur egunera, belaunaldiz belaunaldi ahozko transmisioa egon da, nahiz-eta hura bizi zutenek luzaroan barruan gordeta eduki.
Bestalde, gaur egun moduan, orduan ere bazegoen zer ezkutatu. Esaterako, preso gaixoen etorrera, «estali guran», trenez eta kamioiez izaten zen. 1938ko udaberritik 1940ko maiatzera, Bilbo, Asturias, Burgos eta Santanderreko kontzentrazio esparruetatik etorritakoak hartu zituen Gerrako Presoentzako Espetxe Ospitale Militarrak. Hala-
ber, 1938ko uztailetik urrira, Belchite, Brunete, Teruel eta Ebroko guduetatik heldu ziren beste asko.
Martxan egon zen 21 hilabeteetan 265 presotik gora hil ziren bertan. Hildako horiek udalaren zaborra batzeko orgetan sartzen zituzten hilerrira eroateko. Ezkutuko errealitatea. Hildakoen senideetako askok inoiz ez zuten jakin zer gertatu zitzaien etxean falta zituzten haiei.
Gaur egun gaixotasun sendaezinak dituzten dozena bat presotik gora daude ziegetan. Azken 40 urteetan, 29 euskal preso politiko hil dira kartzeletan, tuberkulosiaren, hiesaren, bihotzekoen, minbizien, autolesioen eta abarren eraginez. “2018an gaixotasun sendaezinak dituztenak 12 dira, baina beste 10 daude, publiko egin nahi ez badute ere, zerrenda zital honetan egon daitezkenak”. Azken horiek gaixotasun kronikoak, sendaezinak eta endekapenezkoak dituzte. Espetxean daudenez, ez dira beharrezko baldintza egokietan artatuak, ez dituzte beharrezko tratamentuak bermatuta, eta, beraz, gaixotasunak areagotzeko arriskua daukate.
Jendartearen indarra
Gernikarren indarragaz egin zuen herriak aurrera. Suntsiketa hartatik burua altxatu, eta aurrera egiteko erakutsi zuten kemenari esker da dena orain Gernika-Lumo. Etxeen %1 bakarrik geratu zen osorik; %71 erabat suntsituta, gainontzekoak kalte handi edo txikiagoekin, baina, kaltetuta.
Bonbardaketan edo borrokan hildakoak, atzerriratuak, presoak, erbesteratuak, desagertuak… izan ziren asko eta asko, eta biztanleria erdiraino jaitsi zen urte gutxiren buruan.
’81 urte espetxez espetxe’ oroimen ibilbidea apirilaren 28an aurkeztu zuten.
Herria zentzurik zabalenean eraikitzeko ardura hartu zuten emakumeek eta gizonek. “Historiak ezkutatu” arren, andreak ere protagonista izan ziren.
Hala, gaur egun espetxez espetxe arteko ibilbide hori amaitzeko erronka du jendarteak. Azken hamarkadetako gatazka politikoa konponbidean jartzeko gehiengo soziala dagoela eta urratsak eman direla nabarmendu dute sarekideek. Foro Sozialak bakea indartzeko IV. Foroan jasotako hainbat ondorio bere egin dituzte, «iparrorratz bihur daitezkeelako».
Armagabetzea, Desmobilizazioa eta Gizarteratzea (DDR) deritzona bake prozesu guztietan bete behar da: “Nazio Batuek onartutako Estandar Integratuen arabera, gatazka armatuekin lotutako bake prozesu guztietan bada etapa zeinean borrokalariak armak utzi, eta bizitza zibilean integratzen diren”.
Bakea eraikitzeko eta egonkortasuna lortzeko, DDR?osagai ezinbestekoa da, baina badira azken urteotan hainbeste entzun diren elementu beharrezkoak. Herritarrak ordezkatzen dituzten indarren arteko akordio politikoak, segurtasun sistemen zein haren legediaren erreformak eta gatazkaren biktimei egia, justizia eta erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ziurtatu behar dien prozesu osoa.
Orain aro berri batean gaudela irakurri eta entzun dugu azkenaldian komunikabideetan batzuen zein besteen ahotan. ETAren amaiera heldu da, baina espetxe politikak bere horretan dirauela salatu da askotan, “salbuespen politiken” izarapean. Asteon Sare herritarrak adierazi du maiatzaren 4a “inflexio puntu bat” izan dela, eta presoen aferari irtenbidea jartzeko unea dela, espetxe polika aldatuz eta salbuespen legediagaz amaituz. “Espetxeetako aferari irtenbidea jartzen ez diogun bitartean, euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean, presoen senideek urruntze politikagaz zigortuak izaten jarraitzen duten bitartean, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen den bitartean eta espetxeetan presoak hiltzen jarraitzen duten bitartean ezingo baita benetako bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egin”.
Elkarlanerako deia luzatu du beste behin: “Adaketarako unea da. Sareren lana, une honetatik aurrera, gizarte zibilaren aktibazioa izango da, baita instituzioei eskariak egitekoa ere, benetako inplikazio bat izan dezaten konponbidearen eta bakearen eraikuntzan”.
Sarekide gernikarrek azpimarratu dutenez, estatu espainiarrak ekarpen positiboa egiteko inolako borondaterik erakutsi ez arren, euskal jendartean “indar anitzak sentitzen” dira bake agertokiaren eraikuntzan “pauso sendoak” emateko. Eta bide horretan tipi-tapa jarraitzeko, horien artikulazio soziala, politikoa eta instituzionala ezinbestekoa dela uste dute. “Bide horretan oinarrizkoa da euskal preso eta iheslarien egoera soluzioaren parte bihurtzea. 81 urte espetxez espetxe eginda, ibilbidea amaitu beharra dagoelako”.