Itsasotik Itxosora kontzertu berezia eskainiko du Kankinkabara Txistu Taldeak
Bermeoko Arrantzale Museoan izango da emanaldia, zapatuan, 20:00etan.
Hainbat urtetan txistu alardea egin ostean, alardeak bi urterik behin egitea adostu dute Kankinkabara Txistu Taldekoek. Tarteko urtean formatu bereziko kontzertua eskainiko dute, Itsasotik Itxosora izanik horietako lehenengoa.
Kontzertu berezi horretan txistu taldeak hainbat laguntzaile izango ditu, Iñaki Lagos biolinista, Alberto Casina argazkilaria eta Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak, hain zuzen. Itsasoarekin lotura daukaten abestiekin osatuko dute kontzetuaren repertorioa, esate baterako, Andreen agurra, Arrantzaleen banakua, Kresaletan obrako lau atal, Tostartekuen sagar dantza, Madalenak zortzikoa, Regateoko jota eta Eskoziako arin-arin doinua.
Sorpresak ere egongo direla aurreratu dute taldekideek, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte kontzertu berezira, “musikarekin zuzenean ondo pasatzeko aukera” eskainiko dutelako. Itsasotik Itxosora kontzertuaren sarrerak dohainik izango dira, baina mugatuak, edukiera bete arte, hain zuzen ere.