Bigarren Giroa da aurtengoa Pello Bilbao Lopez de Armentia gernikarrarentzat, eta ezin hobeto hasi du Italiako lasterketa ezaguna. Iaz parte hartu zuen lehenengoz eta 66. amaitu zuen.
Bihar astebete beteko du probak, eta
sailkapen orokorrean lehenengo
euskalduna da;
zazpigarren dago, liderrarengandik minutu bat eta hiru segundora. Hain zuzen, gaurko etapara arte bosgarren postuan egon da.
Orain arteko etapen artean,
lehenengo egunean lortu zuen posturik onena;
seigarren sailkatuta, lehen euskalduna izan zen. Sunweb taldeko Tom Dumoulinek irabazi zuen aurreko barikuko etapa, 9,7 kilometroko erlojupeko proba hamabi minutu eta bi segundotan burututa. Bilbao hamazortzi segundora helmugaratu zen.
Gaurko seigarren etapa Siciliako Caltanissetta herrian hasi eta Etnako Behatoki Astrofisikoan amaitu dute; orain arteko etapetan gaurkoa izan da mendatean amaitu den lehenengoa.
169 kilometroko etapan,
Bilbao hamahirugarren sailkatu da, Esteban Chaves etapa irabazle kolonbiarrarengandik 49 segundora. Lau ordu eta hamazazpi minutu markatu du helmugan Astana taldeko txirrindulari gernikarrak.
Lider aldaketa. Simon Yates britainiarrak liderraren mailot arrosa jantzi du gaur. Dumoulin herbeheretarra hamasei segundora dago, eta Chaves atzoko etapa irabazlea dago hirugarren, liderrarengandik 26 segundora.
Lehen etapan seigarren sailkatu zen.
Argazkia: Astana Pro Team.
Biharko etapan Pizzo eta Praia a Mare artean 159 kilometro egingo dituzte txirrindulariek. Zapatuan, berriz, 209 kilometroko etapa izango dute, Praia a Mare eta Montevergine di Mercogliano artean. Domekakoa 225 kilometrokoa izango da; Pesco Sannitan hasi eta Gran Sasso d’Italian amaituko dute.
Bigarren asteburu honen ostean, bigarren atseden eguna astelehenean izango dute.