Espinalek eta Bikuñak irabazi dute Ajangizko VI. Eskupilota Txapelketa
Alberdi eta Aizpuru dira azpitxapeldunak; markagailuan aurretik jarri, eta lau puntugatik galdu dute finala. Datorren urterako emakumeen partiduak ere sartu gura dituzte txapelketanEspinal eta Bikuña dira Ajangizko VI. Eskupilota Txapelketaren irabazl...
Alberdi eta Aizpuru dira azpitxapeldunak; markagailuan aurretik jarri, eta lau puntugatik galdu dute finala. Datorren urterako emakumeen partiduak ere sartu gura dituzte txapelketan
Espinal eta Bikuña dira Ajangizko VI. Eskupilota Txapelketaren irabazleak.22-18 amaitu zen domekan lehen mailako afizionatuen finala. Alberdi eta Aizpuru ondo hasi ziren, eta 0-6ko partziala lortu zuten, baina Espinal-Bikuña bikoteak markagailuari buelta ematea lortu zuen. Espero moduan, oso partidu ona jokatu zuten finalistek.
Eguneko final handiaren aurretik, umetxo, alebin eta txiki mailetako finalak lehiatu zituzten. Umetxoetan anaien arteko finala izan zen, Bengoetxea II-Urzelai II bikotea Bengoetxea I-Urzelai I bikotearen kontra, eta gaztetxoenek irabazi zuten. Alebinetan, Aldai eta Mandaluniz nagusitu zitzaizkien Diazi eta Andrinuari. Txikien finalean, Arrizabalagak eta Bullonek 18-11 hartu zituzten mendean Iza eta Arrieta.
Urtero moduan, jarrera egokiena erakutsi duten pilotariak nabarmendu zituzten. Gizatasunagaz eta kiroltasunagaz loturiko balioak herriko indaba kilo banagaz eta pilota itxurako oroigarriagaz saritu zituzten. Eliteko lehen mailako afizionatuen artean, Espinalek jaso zuen saria. Umetxoetan Unax Urzelai, alebinetan Diaz eta txikietan Arroita izan ziren saridunak.
Txapelketa oso ondo joan delako pozik daude antolatzaileak, eta hurrengo urtekoa prestatzeko gogoagaz.
Eliteko pilotari afizonatuei etorkizunean pilotari profesional izateko bidean laguntza ematea eta Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo eskoletako umeek elkar ezagutu, eta eurentzat aberasgarriak diren esperientziak partekatzea dira aipatu txapelketaren helburu nagusiak.
Halaber, hurrengo urterako beste pauso garrantzitsu bat emateko asmoa daukate. Emakumeek beren lekua izateko asmoz, nesken txapelketa izatea gura dute. Hezkidetza eta berdintasuna lortzeko zereginean, Ajangiz emakumeen borrokaren aldeko adierazlea izatea gura dute.
Era berean, herriko elkarteko kideen berbetan, Ajangiz «ezagutara emateko» baliatu gura dute txapelketa. «Gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat da pilota, eta beragaz lotutako balio guztiak bultzatzen ditu gure udalerriak».