Herriko lau banketxe eta bi aholkularitzarekin elkarlanean arituko da udala. Elkarlan horren bitartez, entite horiek errenta aitorpena euskaraz egiteko
erraztasunak emango dizkiete bezeroei, Udalak
sentsibilizazio kanpaina bat egiten duen bitartean.
Elkarlanerako konpromisoaren sinadura ekitaldian Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotzia, Maite Alvarez Euskara teknikaria, Iker Agirre Bermeo Consulting aholkularitzaren ordezkaria eta Jose Ramon Renteria, Mirian Prieto, Iñaki Kanalaetxebarria eta Amagoia Gutierrez, Laboral Kutxa, Kutxabank, CaixaBank eta BBVAren Bermeoko sukurtsaletako zuzendariek, hurrenez hurren, izan dira.
Amagoia Gutierrez, Mirian Prieto, Juan Karlos Agirre, Maite Alvarez, Iker Agirre, Jose Ramon Renteria eta Iñaki Kanalaetxebarria.
Alvarezek gogoratu duenez,
akordioa 2014an hasi zen. Akordioaren helburua
“euskara gehiago erabiltzea” da, eta egindako elkarlana horretarako “oso onuragarria” dela azaldu du Euskara teknikariak. Iazko errenta kanpainan,
aitorpenen %25a euskaraz egin zen, eta hori “eboluzio positiboa” dela adierazi du.
Elkarlanaren bitartez, Bermeoko Udalak eta banketxe zein aholkularitzek hainbat konpromiso hartzen dituztela azaldu Agirrek. “Udalari dagokionez,
Errenta aitorpena euskaraz sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dugu, eta horren barnean herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa landu dugu: esate baterako,
esku-orriak banatu dira etxe guztietara”, esan du.
Esku-orri horietan errenta aitorpena euskaraz nola egin azaltzeaz gain, gai horren inguruko
terminologia biltzen duen
hiztegi bat ere gehitu dute. Alvarezek adierazi duenez, jendeari “ikara” ematen dio errenta aitorpenaren terminologia teknikoa euskaraz azaltzen denean, eta horretarako hiztegi hori banatzea erabaki dute.
Beste aldetik, akordioa sinatu duten
entitateek honako konpromisoak hartzen dituzte herritarrekiko: bezeroak euskaraz egitera animatzea, bezeroei aitorpena euskaraz egitera laguntzea, ahoz zein idatziz aitorpena euskaraz egitera gonbidatzea, eta, kanpainaren amaiera, euskaraz egindako aitorpenen kopurua jaso eta datuak udaletxeari eskaintzea.
Agirrek adierazi duenez, herritar gehienen aitorpenak finantza erakundeen eta aholkularitzen bitartez egiten dira. “Beraz, herritarrengandik hurbilen daudenez gero, bulego horiek ditugu
bitartekari naturalak errentaren kanpainarako”, azaldu du.
Hori dela eta, Euskera zinegotziak baneketxe eta ahokularitzei errenta euskaraz egiteko kanpainan parte hartzea eskertu die, “euren jokaera aktiboaren bitartez
euskararen presentzia hedatzen” laguntzen dutelako.
Udalak zein banketxe eta aholkularitzek herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu dituzte, eta beraien aldetik
“erraztasun guztiak” emateko konpromisoa hartu dute.