Punta-puntako pilotarien ikuskizun biziaz gozatzeko aukera, domekan
Ajangizko VI. Eskupilota Txapelketaren finalerdietan partidu oso onak izan dituzte, eta final ikusgarria espero dute. Jarrera egokiena sarituko dute aurten ereSeigarrenez, eskupilota txapelketa jokatu dute herriko jaietan, eta domekan lehiatuko dituzte...
Ajangizko VI. Eskupilota Txapelketaren finalerdietan partidu oso onak izan dituzte, eta final ikusgarria espero dute. Jarrera egokiena sarituko dute aurten ere
Seigarrenez, eskupilota txapelketa jokatu dute herriko jaietan, eta domekan lehiatuko dituzte final handiak. Txapelketa oso ondo joan dela nabarmendu dute Gantzabale Elkartearen ordezkariek, eta ziur daukate finaleko egunean ere pilotariek ikuskizun ederra eskainiko dutela.Aurreko bi domeketan, kategoria guztietan partidu onekin gozatu dute, eta lehen mailako afizionatuek erakutsi dute profesionaletara jausia egiteko gaitasuna badutela. Hain zuzen, aurreko urteetako txapelketak lehiatuko askok urtebeteren buruan debutatu zuten, eta oraingoan ere hala izango dela deritzote antolatzaileek: «Esaterako, Espinalek Mexikon jokatutako Munduko Frontball Txapelketa irabazi du; oso pilotari fina da, zeresana emango du, eta laster debutatuko du».
Bertoko harrobia
Etxebarria nabarniztarra eta Uriondo gizaburuagatarra finalera sailkatzea espero zuten antolatzaileek, baina partidu onak egin arren, ez dute txartelik lortu. «Izugarrizko finala espero dugu. Aurreko finalerdietan giro itzela egon da, eta domekarako hobea izatea gura genuke».
Gonbidapena luzatzeagaz batera, partiduetara bertaratutakoei eskerrak eman dizkiete, bai eta txapelketa antolatzea posible egiten duten babeslei. Euren berotasunak eta laguntzak txapelketa antolatzen jarraitzeko indarra ematen diela adierazi dute.
Domekan kategoria guztietako irabazleek jantziko dute txapela, eta urtero legez, jarrera egokiena erakutsi dutenak ere sarituko dituzte. «Gizatasuna eta kiroltasuna eta horiekin lotutako balioak saritzen ditugu».