Gaztelugatxeko erronka
Azken urteotan elkartasun maratoiak egiten ari dira Jabi Conde eta Jon Salvador. Etzi egingo dutenagaz hainbat gobernuz kanpoko erakunderi lagunduko diete.
Bilboko Madre de Dios ikastetxekoei euren proiektua ezagutara ematen lagunduko diete. Anoa postuetan plastikozko ur botila asko pilatzen direla eta askotan lurrean geratzen direla ikusita, probetako bereizgarriren bat duten birziklatzeko botila deigarriak sortzea pentsatu dute. Jendeak oroigarri moduan gordetzeko, 300 botila ekarriko dituzte, txorrotako uragaz beteta. Probaren izenagaz batera, gunkari batek emandako Forgesen bineta bat izango dute. Babesleek emandako 11.000 euro banatuko dituzte hainbat gobernuz kanpoko erakunderen artean. Esaterako, egokitutako kirolaren Bizkaiko eta Euskadiko federazioa, Basauriko Meeting Internacional de Atletismo Adaptado, EPOC gaitza daukatenak babesteko elkartea, Saharar Herria Garatzeko Laguntza elkartea, senegaldarrei laguntzeko Creando Futuros erakundea eta beharrizan egoeran dauden gazteak udalekuetara eramaten dituen Erandioko Kilkirtxu elkartea lagunduko dituzte diruz. Abenduan dena ondo aztertu, zehaztu eta homologatu zuten. Bizkaiko Federazioko Epaileen Elkargoko sei epaile etorriko dira. “Arriskutsua da, baina badakigu proba nola joango den. Guztia oso ondo aztertuta daukagu. Ez da zoro batzuen kontua; guztiz kontrakoa. Zentzuduna izan behar zara”. Ordu asko egin dituzte lekuan bertan entrenatzen, eta euren lepoak eta belaunek igarri dute. Zirkuitua buruz dakite; ate nagusitik sartu eta alboko atetik aterako dira. “Halako bihurgune zailetako probetan, 44-45 km izaten dira normalean. Zenbat eta nekatuago egon, bihurguneetan gehiago zabaltzen zara”. Gorputzak ondo erantzutea behar-beharrezkoa da, baina halako probak eguraldiak ere baldintzatuko ditu. Hotzak eta batez ere haizeak kezkatzen ditu. Diotenez, atleta batentzat haizea da “beti gogorrena”. Batik bat ikustera doazenengatik egun ederra egitea espero dute. Leku ezagun eta zoragarriak Orain arteko probetatik gogorrenetarikoa izango dela badakite, baina duten esperientzia fisikoki zein psikologikoki lagungarria izango zaie. “Lehen probarako beldurrez geunden; ez genekien zer zetorkigun. Baina orain egin beharko bagenu, nahikoa erraza izango litzateke. Ia 4 ordutan egon ginen Bizkaia Zubian, 60 metroko altueran. Egur haietan korrika egitea ere izugarria izan zen. Entrenamenduetan oholak kraska egiten entzuten genituen; batzuk aldatu egin zituzten probarako, pentsa!”. Proba eta leku bakoitzak bere zailtasunak ditu. Bilboko erreka omentzeko helburua zuen triptikoan, erreka goitik, erditik eta behetik igaro zuten. 2012an Bizkaiko Zubian egon ziren, 2013an Gabarran eta 2014an Sifoian: “Hau ez da lekurik txikiena ezta luzeena ere. 50 metro dira; Gabarran 30 metro ziren. Honen zailtasuna oinkadak ondo ematea da. Horregatik, agian, gogorrena izango da. Guztiz kontzentratuta egotea eskatzen du. Badakigu oinazpian min egingo digula”. Bakoitzak bere berezitasunak ditu; Gabarrakoa 5 ordu eta 23 minutuan amaitu zuten. Denbora oso arin pasatu zitzaiela diote: “Txaranga eta guzti han egotea, egun ederra egin zuen, eta giro itzela sortu zen, eta gozada bat izan zen”. Pozalaguan egin ahal izateagatik ere pribilegiatu sentitzen dira. Kaskoekin aritu ziren korrika; “konplikatua” izan zen. “Pelikula batean geundela zirudien; izugarria izan zen. Bisitatzeko pasarela metalezkoa denez eta hezetasunagatik buzti dagoenez, moketa gorria jarri genuen”.42 kilometroko maratoia sei bat ordutan amaitzea aurreikusi dute