Bertso eskupilota jaialdi eta guzti dator XVIII. Antxoa Eguna
Erakusmahaietan eta tabernetan 6.000 pintxo inguru banatuko dituzte, euro baten truke. 12:0oetan lehertuko da jaia, ohi legez, hiru turrunek jo osteanAntxoa Eguna maiatzaren 19an izango dela jakitera eman dute Ondarroako udal ordezkariek. Atzo egindako...
Erakusmahaietan eta tabernetan 6.000 pintxo inguru banatuko dituzte, euro baten truke. 12:0oetan lehertuko da jaia, ohi legez, hiru turrunek jo ostean
Antxoa Eguna maiatzaren 19an izango dela jakitera eman dute Ondarroako udal ordezkariek. Atzo egindako aurkezpenean aurtengo kartela eta ekintzaz beteriko egitaraua aurkeztu zituzten. Berritasun bat edo bestegaz dator aurten jaia, eta iragarri dutenez, bertso eskupilota jaialdi mistoa egingo da estreinako frontoian. Hala, profesional mailan aritutako eta goi mailako pilotarien arteko lehia ikusteko aukera ekarriko du aurtengo Antxoa Egunak.Iñaki Esnalek eta Patri Espinarren ordezkoak (usansoloarrak min hartu du, eta ezingo du jokatu) osatutako bikoteak Mikel Olazabalen eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute 22 tantora. Bien bitartean, Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bikoteen botilleroak partiduko gorabeherei buruz ariko dira bertsotan.
Ohi modura, hiru turrun jota lehertuko da jaia 12:00etan, eta hortik aurrera, beste hainbat ekimen plazaratuko ditu antxoa protagonista duen egunak, «herriko izaera bizirik mantentzeko helburuagaz».
Azken urteetan modura, gainera, hainbat tabernetan eta Zubi Zaharretik hasi eta Kantoipe errebueltarainoko tartean herriko taldeek jarriko dituzten postuak egongo dira, eta bertan elkarte gastronomikoek hainbat eratara prestatutako antxoa pintxoak jarriko dituzte salgai, euro baten truke. «Kofradiari 500 kilo antxoa eskatu zaizkio, eta kopuru horretatik 5.000 edo 6.000 pintxo prestatzea espero da aurten».
Ondarroara bertaratzen direnek, hain zuzen ere, antxoekin egindako pudina, antxoak ozpin saltsan, antxoa tortilla, gildak, kroketak eta antxoak pla-pla erara dastatu ahal izango dituzte.
Bizkaiko txapelketa
Iaz berreskuratu zuten Antxoa Pintxo Lehiaketa, eta aurten ere egingo dela ere aurreratu dute udal ordezkariek. Apallu, Arrigorriko txiringitoa, Beikozini, Boga-Boga, Cantabrico, Ku-Kua, Sutargi, Torrepe eta Txanpa tabernek eman dute izena lehiaketan, eta bakoitzak bere pintxoa aurkeztu beharko du Alamedan. «Lehiaketako irabazlea zein den 13:30erako esango da Alamedan, baina saria Alde Zaharrean banatuko da, Zilarrezko Antxoa eman ostean». Zilarrezko Antxoa zeini eman, baliteke azken ordura arte ez esatea.
Herrian, beste alde batetik, itsasoagaz lotutako kantu herrikoiak oso ezagunak dira, eta horietako batzuk Musika Eskolako zein Kantaize Orfeoiko kideen ahotik entzuteko aukera egongo da kalez kale.
Goizean askotariko pintxoak dastatu ostean, berriz, trainerillen estropadekin gozatzeko aukera egongo da arratsaldean. Bizkaiko Txapelketako sailkapen kanporaketak jokatuko dira Ondarroako uretan.
Eguna, berriz, Joxpa taldearen erromeriagaz amaituko da, Itsasaurre plazan.