Oroimena gure gain hartuz
Faxismoak Espainiako Estatuaren egituretan jarraitzen duela salatu dute Busturiko Faxismoaren Kontrako Egunean. «Atzekoz aurrerako» justizia dagoela azpimarratu dute, Altsasuko gazteen epaiketa aitatuz.Asko izan dira Euskal Herriaren askatasuna defen...
Faxismoak Espainiako Estatuaren egituretan jarraitzen duela salatu dute Busturiko Faxismoaren Kontrako Egunean. «Atzekoz aurrerako» justizia dagoela azpimarratu dute, Altsasuko gazteen epaiketa aitatuz.
Asko izan dira Euskal Herriaren askatasuna defenditu zuten gudariak, bizitza eman zuten herriko seme eta alabak. Hala azaldu zuten domekan Busturian. Faxismoaren Kontrako Egunean eskualdeko herritarrak bildu zituen udaletxe aurreko plazan.Pertsona horien artean, besteak beste, Busturiko Laia Herri Mugimenduko, Sare Gernikako, Ahaztuak 1937-1977ko edota SOM-Hi Bermeoko elkarte katalaneko kideak elkartu ziren.
Tropa faxistek Busturian eta Busturialdean egindako sarraskia gogoratu nahi izan zuten. Eskuindarrak 1937ko apirilaren 29an sartu ziren udalerrian, orduko biztanleriaren %20 Busturitik alde egitera behartuz. «Duela 81 urte sartu ziren tropa faxistak Busturira. Naziak, faxistak, erreketeak errepide nagusitik iritsi ziren gure herrira. Batzokia okupatu zuten, eraikina falangearen egoitza bilakatuz».
Testigantza
Egun hori bizi zuen Bakarne Foruria egon zen domekan bildutakoen artean. Foruriaren aita ihes egin behar izan zuenetako bat izan zen, fusilatua izateko beldurrez, baina azkenean preso eroan zuten. Hainbat urte igaro zituen espetxeraturik, eta etxera bueltatu ondoren bere bizitza «ez zen inoiz berbera izan». Horregatik, hurkoari eta eskualdeko bizilagunei «ekarritako oinazeak» inoiz ez direla ahaztuko aldarrikatu zuten domekan.
36ko gerraz gain, gaur egungo egoera politikoari buruz ere jardun zuten. «Faxismoak Espainiako Estatuaren egituretan jarraitzen du, eta herritarrek hori sumatzeko beharra» nabarmendu zuten Laiakoek. «Gure gain hartu behar dugu gure herriaren oroimena guk gorde eta belaunaldiz belaunaldi zabaltzea, gertatutakoa inoiz ez ahazteko», esan zuten.
Lezioak eman nahian
«Gaur egun bizi dugun egoera politikoak orain hemen egiten ari garena justifikatzen du. Duela zortzi hamarkada gure lurretan sarraskia egin zutenek lezioak eman nahi dizkigute orain, oroitu eta omendu nahi duguna zer izan behar den ezarri nahirik», aipatu zuten Ahaztuak 1937-1977 elkarteko kideek. Halaber, «atzekoz aurrerako» justizia bat ikusten ari garela salatu zuten, Altsasuko gazteen epaiketaren aurka azalduz.