Kultur ondare aldetik aberatsa da Forua, eta horren adibide dira Aita Frantziskotarren komentua eta bere eliza. Eremu hori ondare moduan babestuta mantentzea gura du Urdaibaietz plataformak. “Udalak komentuko lursailetan etxebizitzak eraiki gura ditu, eta guk eremu guztia kontuan hartzea gura dugu, ez bakarrik eliza. Komentua bere osotasunean gordetzea gura dugu”.
Diotenez, proposamen zehatza egin diote udalari. Parte batean aterpetxea jartzea eta bestean, historia eta kultura batuz museo etnografikoa egitea proposatu dute. Bertan, herriko zein Aita Frantziskotarren historia biltzea eta Bizkaieraren edo mendebaldeko euskararen interpretazio zentroa egotea proposatu dute. Hala, eliza bera emanaldietarako areto bihurtzea gura lukete , BilboRocken antzera. “Alkateagaz batzartu ginen, baina ordutik ez dugu besterik jakin. Arantzazuko Frantziskotarrekin ere egon ginen, baina eurek ezin dutela ezer egin diote”. Alternatibak badaudela uste dute, eta aurreikusita dauden etxebizitzak beste lursail batean eraikitzea egokiagoa litzatekeela.
“Komentuetako bizimoduan, osotasun bat zegoen. Bizkaian ez dugu gordeta halako komenturik bere osotasunean, erabilera zibilak eman ahal izateko”.
Balio neurtezina
Foruko fraide etxeak euskararen historiarako daukan balioa “neurtezina” dela azpimarratu du Edorta Jimenez plataformako kideak: “Hainbeste dira hemen izan diren idazlegaiak, euskaltzainak, euskaltzainburuak. Euskalgintzako izen ezagunak hemen egondakoak dira. Frantziskotarretatik sortu zen intelektualitate guztia. Balio sinboliko argia dauka”. Beraz, bere historia ezagututa, historia horri dagokion erabilera ematea nahi dute.
Eguen eguerdian egindako elkarretaratzea.
“Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra onartu dute, eta barruan dago UE Frantziskotarrak proiektua. Dorrea soilik mantentzea aurreikusten da, interes kulturala duela eta, baina inguru guztiak du interes kulturala. Jaurlaritzako Kultura departamentuak hiru aldiz esan du, hau bere osotasunean dela ondarea”.
Iñaki Uriarte arkitektoak dioenez, administrazioetan “ohiko hutsegitea” da zelanbaiteko monumentaltasuna daukana soilik ondaretzat hartzea. Daukan balio estrategikoa “giltzarria” dela deritzo, “herrigune historikoa delako”. Bere paisaiagatik ere baliotsua dela, eta askorentzat balio sentimentala ere baduela zehaztu du. “Hemen dagoen batasunari balioa eman behar zaio. Lekua birgaitzea ekonomikoki errentagarriagoa litzateke. Eraisketa beste garai bateko kontua da, XXI. mende honetan hiri aurreratuenetan salbuespeneko kasuetan egiten dute eraisketaren alde”.