Frankistek Gernika bonbardatu ostean udalerrian sortutako espetxe eta presondegiak gogoratu eta ezagutzeko ibilbide historikoa egin dute gaur, Sarek antolatuta.
81 urte espetxez espetxe oroimen ibilbidean azken zortzi hamarkadetan zehar izan dugun
kartzela-politikaz jardun dute,
“orduko errealitateak eta gaurkoak hari eroale berbera” dutela nabarmenduz. Horrela, udalerriko leku ezberdinak bisitatu dituzte: foruen plazatik hasita,
pasealekua, institutua eta marimetara joan dira. Toki horietan jarri zituzten frankistek espetxeak Gernikara iritsi zirenean.
Presondegi garrantzitsuena lehengo Agustinoen Ikastetxea izan zen, gaur egun Gernika-Lumoko Instituta dena. Bertan,
Espetxe Ospitala kokatu zuten, eta esparruaren edukiera 600 pertsonakoa izan zen arren, alde handiz gainditu zuten zifra hori. 1938ko ekainetik 1940ko maiatzera arte, eta
265 preso hil ziren bertan. Hala ere, azken ikerketen arabera hildakoen kopurua handiagoa izan daiteke.
Presoek espetxe horietan izan zituzten
bizi-baldintza latzak azaldu dituzte: “ohikoak ziren gosean, jende-pilaketa, higiene-falta, gaixotasunak, tratu txarrak eta bidegabekeriak”. Erregimen frankistak zigorra arindu ahal izateko lan egitera behartu zituzten presoak, horiek esklabo bihurtuz. Zigorra betetzen zihoazela, preso politikoak askatasun oso mugatua irabazten joan ziren, zaintzapeko askatasun-erregimen baldintzatura pasatuz eta euren jatorrizko herritik erbesteratuta egonik.
Ekimen honekin azken 81 urteetan Euskal Herriko presoek pairatu dituzten neurri eta zigorrak agerian utzi nahi izan dituzte, egoera hori
“gaur inoiz baino gehiago” desagerrarazi behar dela aldarrikatuz. 1978. urtetik 29 euskal preso politiko hil dira espetxeratuta zeudela.