Testigantzekin memoria landuz
Bonbardaketaren 81. urteurrenean iragana memoriaren ibilbideagaz landu dute, eta oraina errefuxiatuen egoera plazaratuz. Lekukotzekin geroa eraikitzen ari dira.Bizipen politak oroitzea dute askok errazago; ezbeharrak dira, ordea, askoren memorian sarri...
Bonbardaketaren 81. urteurrenean iragana memoriaren ibilbideagaz landu dute, eta oraina errefuxiatuen egoera plazaratuz. Lekukotzekin geroa eraikitzen ari dira.
Bizipen politak oroitzea dute askok errazago; ezbeharrak dira, ordea, askoren memorian sarriago. Bataren negarra, bestearen mina; iraganeko pasadizo edo gaurkoaren ikasgaia. Bada memoriak ukatzen ez duenik; bada bere barnean gordetzea merezi duenik.Bizi ez dena gogoratzea zaila izaten da sarri askotan, eta badira horretarako bideak, aukerak. Historia bada, eta baita hamaika istorio. Melodia goibelak badauka bere hitza; badauka zer kontatu eta nori kontatu. Hitz horien jabeak ondo aukeratzen jakin behar da; istorioen protagonistak bilatu behar dira, horien bitartez jakingo baita benetako historia.
Baina kontakizunak kontatuak izan behar dira, etorkizunean ere bizirik iraun dezaten. Belaunaldi berriek badutelako jakiteko eskubidea, eta aurrekoek badaukate entzunak izatekoa. Transmisioak ematen du horretarako aukera, eta horren erakusle izan ziren atzo herriko ikastetxeetako ikasleak. Beraien arbasoak 1937an izan ziren moduan, atzo eurak izan ziren apirilaren 26ko protagonistak. Astrako bunkerreko sirena pizteko ardura hartu zuten, 4 minutuko isilunean.
Gernikaren bidea
Gernikak badauka historia eta baditu bere protagonistak. Badu zer kontatu eta nola azaldu. Badu iragana, gaurkoa eta etorkizuna. Eta badu bide bat egina; duela 81 urteko etsipen, suntsipen, beldur, negar eta mina gaurko bake eta berradiskidetzean bilakatu duena.
Bizitzan aurrera egiteko beharrezkoa ei da arbasoei berba ematea, eta Gernikak hala egin du. Duela 81 urte bizitako bonbardaketa ahanzturan ez geratzeko, lekukoei eman die hitza; horiek baitira urteurrenez urteurren eta egunez egun aitorpena merezi dutenak. Horiek baitira 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoaz sentimendu eta bizipenetatik hitz egin dezaketenak.
Memoriak lagun dezake etorkizuna behar bezala eraikitzen, eta lekukoen testigantza biziak dira guztien memorian betirako gordetzea ahalbidetu dezaketenak. Informazioa jaso eta bildu egiten du memoriak, eta gauza bera egin du Gernikak, duela 81 urteko ezbeharra bizi zutenen adierazpenak argibide tauletan jasoz.
Guztira, 11 taula jarri ditu herriko toki ezberdinetan, eta horiekin guztiekin ibilbide historiko bat sortu du, memorian barneratzeko eta ibiltzeko aukera eskainiz. Historiaren kontakizunetik haratagoko aukera ematen du; lekukoek bizi eta ikusi zutena, horiei laguntzen aritu zirenen aipamen… azaltzen ditu. Gainera, teknologia berriez baliatuz, QR kodearen bitartez bonbardatu aurreko Gernika nolakoa zen ezagutzeko aukera ere ematen dute.
Ahanzturaren aurkako ibilbidea da atzo aurkeztu zutena; gehienez, ordubetean egiteko modukoa. Aurkezpenean egon ziren, besteak beste, 1937ko sarraskitik bizirik irtetzea lortu zuten zenbait herritar ere: Jose Maria Salutregi, Ander Zameza, Javier Alberdi, Luis Iriondo, Aurelio Diego, Paco Garcia.
Aurkezpenaren ostean, Pasealekuko babeslekua ireki zuten, eta hura bisitatzeko aukera izan zuten egun hartako lekuko zein herritarrek.
Hain justu, toki hauetan jarri dituzte aipatu taulak: Batzarretxean, Pasealekuan, Erian, frontoi zaharrean, Astran, tren geltokian, Andra Mariako babeslekuan, Suak eragindako Agonia eskulturaren ondoan, George Steeren bustoaren ondoan, Picassoren Gernica koadroaren ondoan eta Foru Plazan.
Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok azaldu zuenez, «memoriaren, biktima eta bizirautea lortu zutenen duintasun indibidualen zein Gernikako herriaren duintasunaren ibilbide historiko bat da».
Memoria, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok ere memoria bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen; «aurrera begira halako gehiago gertatu ez dadin eta, gainera, biktimen eskubide bat delako».
Memoriaren lanketa garrantzitsua den moduan, gaurkotasunari erreparatzea ezinbestekoa da, eta bonbardaketaren 81. urteurrenean gaur egungo gatazkak jorratzeko aukera ere egon zen. Helena Maleno giza eskubideen defendatzaileari harrera egin zioten Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek, eta Malenok haiekin eta errefuxiatuekin batera, «guztion» eskubideen alde oihukatu zuen. Besteren artean «Inor ez da ilegala» edota «Ongi etorri errefuxiatuak» esaldiak nabarmendu ziren.
Momentu hunkigarriak izan ziren herritarrentzat errefuxiatuekin bizitakoak. Izan ere, Madi deitzen den errefuxiatu senegaldarra eta Helena Maleno berriz besarkatu ziren atzo. Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak jakinarazi duenez, joan den urteko urriaren 10an, «oso egoera latzean» elkar ezagutu zutela jakinarazi zuten.
«Marokotik Espainiara patera batean bidaiatu zuen Madik, eta helmugarako 14 kilometro falta zirenean, arazoak izan zituen». Horregatik elkar ezagutu zutela azaldu zuten taldekoek, eta Maleno Itsas Salbamenduagaz batera helikopteroz beraien bila joan zela gehitu. Atzokoan, berriz besarkatu eta errefuxiatuen eskubideen alde elkarrekin oihukatu zuten.
Harrerara gainera, Alemaniatik etorritako abesbatza hurbildu zen, eta errefuxiatuekin batera, zenbait abesti kantatu zituzten kalean; bitartean, herritarrek emozioz begiratzen zituzten.
Gernika Sariak
Helena Maleno eta Daniel Barenboim izan dira aurten Gernika Sariak jaso dituztenak; Maleno ekitaldian egon zen, baina Barenboim musikaria ezin izan zen bertan egon. Hain zuzen, komunitate migratzailearen alde nazioarte zein Espainiako estatu mailan eginiko lanagatik, eta batez ere, emakume eta adingabeen alde egindako borrokagatik saritu dute Maleno.
Malenori harrera beroa
Jendaurrera ateratzean txalo artean hartu zuten herritarrek kazetaria, eta bera hunkitzea lortu zuten. Saria jaso bezain laster, eguaztenean Espainia eta Maroko bitartean hondoratutako pertsonak gogora ekarri zituen, 34 pertsonatik soilik 17 bizirik atera zirela adieraziz. «Estatu espainiarraren eta Marokoren arteko kolaborazioa momentukoa balitz, ezbehar hori saihestea posiblea izango litzateke».
Gernika Saria egungo gizarteak salatzen duenaren ikurra dela esan zuen; «mugen arteko gerraren aurkako sinboloa». Eta muga horietan «hildakoei eta haien familiei zuzendutako aitorpena» dela esan zuen.
Azkenik, epaimahaiaren «ausardia» goraipatu zuen giza eskubideen defendatzaileak, ausardia horrek «borrokan jarraitzeko gogoa» ematen diola esanez. Gainera, beragaz batera mugan lan egiten duten emakumeengatik borrokatzen jarraituko duela adierazi zuen, «bizitzak beti irabazten duelako».
Daniel Barenboim ospe handiko musikari eta orkestra zuzendari israeladarra ere saritu zuten ekitaldian; baina ez zen bertan egon. «Alemanian kontzertua eman behar zuela» adierazi zuten antolatzaileek, eta bere berbetan, «ahal zuen momentuan hurbilduko zela» azaldu zuten.
Hala ere, bere lana azpimarratu zuten ekitaldian, eta «bere musikagatik, bakearen aldeko konpromisoagatik eta ondare kulturala eta artea bultzatzeagatik» jaso duela saria esan zuten.
Iraganari erreparatuz eta gaurkoari garrantzia emanez errotuko da etorkizuna; eraikiko da geroa. Eta hori eginda gogoratu ahal izango dute atzokoa momentua bizi zutenek zein ez zutenek.
Atzo Gernika zena, gaur da beste bat. Bonba batek eragindako heriotza gauza bera delako 1937an zein 2018an.