Memoria historikoa berreskuratzeko zereginean, gerra korrespontsalen eta oro har kazetarien lanak garrantzia handia duela azpimarratu du aurten ere Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Orain dela 81 urte Gernikan gertatutakoa euren lanagaz nazioartera zabaltzea zor zaiela eta, Steer britainiarraz eta
Mathieu Corman frantziarraz gain, gerra korrespontsal guztiak gogora ekarri ditu.
Steerrek Gernikako bonbardaketaren krudelkeria, nazioartera ” ausardiaz eta objektibotasunez” zabaldu eta salatu izana goraipatu dute eguerdiko ekitaldian. “Franco diktadorearen aginduz, Alemaniako Condor legioak herriaren kontra egindako sarraskia Mundu osora zabaldu zuen”, zehaztu du Gorroñok. Haren profesionaltasuna azpimarratu du, estatistiketatik harago, gertatu zena egiazkotasunez kontatu zuelako. Bere errelatoagaz, “tragedia hura detaileekin eta objektibotasunez” ezagutara eman zuela adierazi du.
George Steer semeak ezin izan du aurtengo omenaldira etorri, eta haren izenean
Xabier Irujo historialariak hitz egin du. Urtero-urtero bere aita omentzea ohorea dela esan du, eta aita Gernikara etorri zenean, berehala bat egin zuela Euskal Herriak garai hartan zeukan demokraziaren eta giza eskubideen aldeko borrokarekin. “Garai hartan eta gaur egun ere duen borroka historikoarekin bat egin zuen; bere eskubide historikoak defendatzea begi onez ikusten zuen”. Semearen berbetan, apirilaren 26 hartan eta biharamunean, aitak ikusi zuena idatzi zuen.
Bere gerra kroniketan zein urtebete beranduago argitaratu zuen Gernikako Arbola liburuan, besteak beste, hamar etxetatik bederatzi suntsituta zeudela eta 800 gorputik gora ikusi zituela idatzi zuen. Hain zuzen, gaurko ekitaldian hark idatzitako kroniken zati batzuk irakurri dituzte.
“Eta nahiz eta Francok guda hori irabazi, Euskal Herria ez zela inoiz hilko esan zuen, eta egunen batean hemen Gernikan bertan, Gernikako Arbolaren azpian, berriz ere herritarrek hautatutako ordezkariek izango zutela agintea. Eta horrela izan da; berak idatzitako egia bilakatu zen”, helarazi du semeak Irujoren bitartez.
Saria. Datorren urtera begira, orduko zein gaur egungo gerra korrespontsalen lana aitortzeko asmoz, sari bat sortuko dutela azaldu du udalerriko alkateak. Udaleko alderdi politiko guztiekin zein herriko elkarte eta erakundeekin egitasmoa aztertzen ari dira. “Alderdi politikoetako ordezkariekin zein Gernikazarra, Gernika Gogoratuz, Bakearen Museoa eta Kultur Etxeko kideekin lantzen ari gara. George Steer Saria edota Bakearen Korrespontsalak Saria jarri gura dugu. Egin behar ez denaz gizartea sentsibilizatzen ari dira; gerra korrespontsalak baino, bakearen korrespontsalak dira”.
1937ko apirilaren 26an herriko alkate zen
Jose Labauriaren monolitoaren parean ere lore eskaintza egin dute. Gernikazarrako Jabi Urrutiak eta Alberto Iturriartek haren
nortasuna eta lana gogora ekarri dituzte. “Egunotan gogora ekartzen ditugun bizipen eta gertakizunen artean, beharbada, pertsonak izan beharko lirateke garrantzi gehien daukatenak edo mezu garrantzitsuenak ekartzen dizkigutenak.”
Steerrekin egin moduan, Labauriaren testigantzaren parte bat irakurri dute: “Katoliko bezala Jaungoikoaren aurrena, eta euskaldun bezala Euskadi nire aberriarengatik zin dagit gure gudariek ez dietela Gernikari su eman. Atzerriko hegazkinek eta ez beste inork suntsitu dute Gernika. Gure arbasoek Gernika ohorearen, duintasunaren eta euskal nortasunaren tenplu eraiki zuten, eta orain faxistek errauts bihurtu dute”.
Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak gizon adoretsua, eta gernikar guztientzako alkatea izan zela nabarmendu du, pentsamolde politikoak begiratu barik. “Une latz horietan gure herriko alkatetza onartu zuen, eta bonbardaketaren ostean irmo mantendu zen. Biktimei laguntzen eta herriaren antolaketa bideratzen aritu zen. Kronika askotan aipatzen da guztiei lagundu ziela, ezberdintasunik egin barik”.
Urrutiak alkatetzara nola heldu zen kontatu du: “Gerra Zibil bete-betean udal korporazioan gertatutako baja eta dimisioen aurrean, Jose Labauriak 1936ko abenduaren 12an hartu zuen zinegotzi kargua, eta Basilio Astelarrak alkate izateari uko egitean, alkate kargua hartu zuen, hamahiru zinegotzien aho batezko onespenarekin”. Urrutiak esan duenez, hari zor zaio udaletxeko mastan
ikurriña lehen aldiz jarri izana, 1937ko urtarrilaren 17an.
Bonbardaketaren unean udaletxean zegoen: “Aire erasoa amaitu zenean, sutea amatatzeko lanak zuzentzeari ekin zion, baita biktimak berreskuratzeari zein hiritarrak Bilbora ebakuatzeari ere”. Erantzukizun horretan apirilaren 29a arte aritu zela azaldu du, nazionalak sartu eta Gernika-Lumo utzi behar izan zuenera arte, hain zuzen.
Maiatzaren 4an Bilbo Irratian salaketa argia egin zuen, Steer kazetaria, Bonifacio Etxegarai jurista, Eusebio Arronategi apaiza eta Jesus Mari Leizaola abokatu eta EAJko kidea bertan zirela. “Frankisten etorreraren aurrean, Bilbo utzi eta Frantziako euskal lurraldera eroan zuten, beste euskaldun asko bezala. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, eta Alemaniar nazionalistek lurralde hura okupatu zutenean, penintsulara itzuli zen, Bidasoa ibaia ezkutuan zeharkatuz”. Apaiz euskaldun baten laguntzari esker, Bilboko konbentu batean ezkutatu zen, baina atxilotu, eta Bilboko Larrinaga kartzelara eroan zuten. Hamabi urteko kartzela zigor nagusia ezarri zioten; gaixotasun larri batengatik aske utzi zuten, eta 1945eko urriaren 31an hil zen Bilbon.