«Guraso guztiei gomendatzen diet haurra judora eroatea»
Txikia zela hasi ez arren, urteetako esperientzia dauka Sekun Badiola Alzaa ondarrutarrak judoan. Kirol osoenetako bat dela dio, eta bere ustean, «ume guztiek egin beharrekoa txikitan».Noiz eta nola hasi zinen judo egiten?Ez dut zehatz urtea gogoratz...
Txikia zela hasi ez arren, urteetako esperientzia dauka Sekun Badiola Alzaa ondarrutarrak judoan. Kirol osoenetako bat dela dio, eta bere ustean, «ume guztiek egin beharrekoa txikitan».
Noiz eta nola hasi zinen judo egiten?Ez dut zehatz urtea gogoratzen, baina 80ko hamarkadaren hasiera zen. Ezagun batzuk Debara joaten ziren judo egitera, ikastetxe baten ematen zituen judoko eskolak Manu Agirrek, Ondarroan ez zegoelako oraindik kiroldegirik. Ni ere eurekin joaten hasi nintzen, probatzeko asmoz, eta gaur arte. Artibaiko maisua den Luis Ferreño ere bertan zebilen. Lanean nenbilen, eta aste barruan egiteko kirol bat behar nuen, eta nola ondarrutar batzuk zebiltzan Deban, eurekin joatea erabaki nuen.
Bizitza oso bat egon zara judoan murgilduta. Zer da zuretzat kirol hori?
Niretzat gauzak egiteko modu bat da. Asko ikasi dut judoari esker. Diziplina eta taldean lan egitea oso garrantzitsuak dira. 1985ean etorri ginen Debatik Ondarroara, kiroldegia egin zutenean, eta handik pare bat urtera, Artibai Judo Taldea sortu genuen. Ordutik hona, egunero ikasi dugu zerbait.
Ematen du jende askok judoa borrokagaz edota indarragaz lotzen duela. Horrela da?
Jende askok uste du hori, baina ez da horrela. Judoa ez da besteari mina ematea, bere erasoa blokeatzen saiatzea baizik, beti ere besteari ahalik-eta min gutxien emanda. Judoaren funtsa beste lanketa batzuk egitea da: koordinazioa, motrizitatea, malgutasuna, psikologia, galdu eta irabazterakoan errespetua edukitzea…, dena dauka judoak, oso betea da. Guraso guztiei gomendatzen diet haurra judora eroatea. Jolasean oinarrituta lurretik, saltoka, korrika, erortzen ibiltzen dira haurrak, eta hazten ari direnez, oso aberatsa da hori, bai fisikoki eta baita psikikoki ere. Izaera barnerakoia daukatenentzako autoestimua igotzeko aproposa da, eta, alderantziz, handikeriaz dabiltzatenentzat ere ongi dator gehiegikeria hori murrizteko. Entrenamenduetan ikasitakoa ez dela tatamitik kanpora ateratzen argi uzten diegu.
Nola definituko zenuke Artibai Judo Taldea?
Artibain hiru maila daude. 5 eta 7 urte bitartekoak dira txikienak, horiek baino gazteagoentzat ez dute-eta judo egitea gomendatzen. Beste taldea 13 urterainokoa da, eta azken taldea nagusiena da. Txikiek guztia jolasen bitartez ikasten dute. 10 urtegaz hasten dira jolasen bidez ikasitako hori hobeto lantzen, teknikak zehazten. 13 urtetik gorakoak nagusiekin trebatzen dira, beti ere jakinda alde handiak egon daitezkeela batzuen eta besteen artean.
Zelakoa da Artibai bezalako talde baten lehendakaria izatea hainbeste urtean?
Norbait jarri egin behar zen kargu horretan, eta ni ipini nintzen, lanean ere ohituta nengoen-eta halako kontuekin ibiltzera. Lehendakari legez, nire lana udalagaz harremana edukitzea, laguntzak jasotzeko paperak egitea edota batzarretara joatea zen. Gustura egin dudan lana da, eta pozik nago, nahiz eta familiari denbora kendu beharra egon den sarri. Uste dut horrela direla gauzak, eta beti egon behar dela norbait horrela inplikatuta. Gustura egon naiz.
Nolako bilakaera eduki du Artibai Judo Taldeak?
Sortu genuenean ikaragarrizko arrakasta eduki zuen, 80 umetik gora eta 20 bat nagusi. Ondoren, beherakada etorri zen, eta egon zen urterik ia inor ere ez zela etortzen, 15 ume eta bost nagusi bakarrik. Orduan gaizki pasa genuen, baina, gaur egunean, berriz ere pozik gaude, bai umeen eta bai nagusien kopuruagaz. Gaineratu beharra dago maila altuetara iritsi den jendea ere egon dela Ondarroan, bai Espainiako txapelketetara eta baita Europakoetara ere. Gutxi ikusten den lana dago guzti horren atzean: arduradunek ordu asko sartu behar izatea, zenbait asteburutan kanpora joan eta familia kontuak laga behar izatea… Gauza bat daukagu ona. Artibai Judo Taldea kuadrilla bat bezala da, eta hemen denok batera egiten dugu barre. Asko gozatzen dugu.
Zelan funtzionatzen du gerrikoen koloreen aldaketak? Ze maila izan ditzakete judokek?
Gerrikoen koloreak gehienbat umeentzako pentsatuta daude, eurak motibatzeko. Entrenatzaileak egindako azterketekin lortzen da hurrengo kolorea, baina marroiraino bakarrik. 16 urtetik gorakoek auzitegi baten oniritzia behar dute gerriko beltza lortzeko, eta beltzaren barruan, hamar maila daude. Judoan gauza handiak egin dituztenentzat dira azken horiek.