Etxean aurkeztuko du lan berria Dientes de Lunak
Urtarrilean kaleratutako 'Utopista' lan berria herrian aurkezteko «kontzertu berezia» emango du Iparragirren. Yogures de Coco taldea ere igoko da taula gaineraUrtarrilean aurkeztu zuen Utopista diskoa Gernika-Lumoko Dientes de Luna taldeak, eta geroz...
Urtarrilean kaleratutako ‘Utopista’ lan berria herrian aurkezteko «kontzertu berezia» emango du Iparragirren. Yogures de Coco taldea ere igoko da taula gainera
Urtarrilean aurkeztu zuen Utopista diskoa Gernika-Lumoko Dientes de Luna taldeak, eta geroztik, ez du etenik izan taulagainean. Etxekoen aurrean, baina, bihar aurkeztuko du lan berria. «Kontzertu berezia» izango dela aurreratu dute gernikarrek.«Diskoa kaleratu genuenetik gaude data honi begira. Berezia izango da guretzat; izan ere, Iparragirre Rock Elkarteko kideak gara, eta baita gernikarrak ere», aitortu du taldeko abeslari Aimar Cidek.
Otsailaz geroztik, hainbat kontzertu eman ditu talde gernikarrak: Bilbon, Portugaleten, Zornotzan, Oiartzunen eta Laudion, esaterako. Horietako areto batzuk bete egin dituzte; beste batzuk, ordea, ez. Publikoaren kantitateari, hala ere, ez diote arreta berezirik jartzen; bertaratzen direnak gozatzeko gogoz egotea baita bilatzen dutena. «Gu beti egongo gara prest: bai hamar pertsonen aurrean zein 200 lagunen aurrean».
Orain arteko emanaldiek izan duten «harrera politagaz pozik» daude taldekideak. Lan berriak taldearen esentzia mantentzen duela, baina kutsu modernoagoa ere badaukala azaldu dute, eta horrek jende gehiagorengana ailegatzea ahalbidetzen duela uste dute. Orain arteko emanaldietan, esaterako, asko nabaritu izan dutela aitortu dute.
Hedapena zabalduz
Inguruko txokoetatik haratago hedatzen ere lagundu die disko berriak; izan ere, bertoko aretoetatik Bartzelonako, Asturiasko edo Madrilgo agertokietara salto egingo dute, esaterako, ekainetik aurrera.
Horien aurretik, baina, etxean daukate hitzordua gernikarrek: bihar, 22:00etan, Iparragirre Rock Elkartean. Etxekoez gain, Madrildtik iritsiko diren Yogures de Coco taldeko kideak igoko dira Iparragirreko taula gainera.
Aurreko emanaldietan bezala, bihar ere taldeak bere abestiak joko ditu, baina barru-barruko kantak ere entzun ahal izango dituzte Iparragirrera bertaratzen direnek. Gainera, ezustekoren bat edo beste ere egongo dela jakinarazi dute taldekideek.