Babestutako 20 marrazo arrantzatu dituztela salatu du Lea-Artibaiko Eguzkik
Eguzkik salatu duenez, Ondarroako arrantzontzi batek babestutako 20 marrazo muturmotz (Lamna nasus) porturatu ditu asteon. «Horrez gain, arrantzontzi horrek 4.872 kilo kaela (Prionace glauca) porturatu zituela esan zuen, eta berez 6.320 kilo harrapatu...
Marrazoak Espainiako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak atzeman zituen Ondarroako portuan. Eta HITZAk jakin ahal izan duenez, Gure Leire-k arrantzatutakoak ziren. Eguzkik dio bi ondorio atera dituztela: «Alde batetik, Ondarroan legez kanpoko marrazo arrantza ohikoa dela. Eta bestetik, Jaurlaritzaren Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua ez dela ezertaz ohartzen, edo ez duela neurririk hartu nahi».
Eguzkik gogora ekarri nahi izan du iazko irailean Ondarroako portuan ateratako argazki bat. Argazki horretan marrazoak hilda eta pilatuta agertzen ziren. Jaurlaritzari gertakari hari buruzko informazio zehatza emateko eskatu zioten, baina ez dutela erantzunik jaso salatu dute. «Are okerrago, ordutik ez du ezer egin. Haren jokabide eskasa agerian geratu da orain, Arrantza Ikuskaritzak atzemandakoa ikusi eta gero».