Bonbardaketaren 81. urteurrenean iragana memoriaren ibilbideagaz landu dute eta oraina errefuxiatuen egoera plazaratuz. Lekukotzekin geroa eraikitzen dihardute.
Bizipen politak oroitzea dute askok errazago; ezbeharrak dira, ordea, askoren memorian sarriago. Bataren negarra, bestearen mina; iraganeko pasadizo edo gaurkoaren ikasgaia.
Bada memoriak ukatzen ez duenik; bada bere barnean gordetzea merezi duenik.
Bizi ez dena gogoratzea zaila izaten da sarri askotan, eta badira horretarako bideak, aukerak.
Historia bada, eta baita hamaika istorio. Melodia goibelak badauka bere hitza; badauka zer kontatu eta nori kontatu. Hitz horien jabeak ondo aukeratzen jakin behar da;
istorioen protagonistak bilatu behar dira. Horien bitartez jakingo baita benetako historia.
Baina
kontakizunak kontatuak behar dute izan, etorkizunean ere bizirik iraun dezaten.
Belaunaldi berriek baduteko jakiteko eskubidea, eta aurrekoek badute entzunak izatekoa. Transmizioak ematen du horretarako aukera, eta horren erakusle izan dira gaur
herriko ikastetxeetako ikasleak. Beraien arbasoak 1937an izan ziren moduan, gaur eurak izan dira apirilaren 26ko protagonistak.
Astrako bunkerreko sirena pizteko ardura hartu dute, 4 minutuko isilunean.
Gernikaren bidea. Gernikak badauka historia eta baditu bere protagonistak. Badu zer kontatu eta nola azaldu. Badu iragana, gaurkoa eta etorkizuna. Eta badu bide bat egina;
duela 81 urteko etsipen, suntsipen, beldur, negar eta mina gaurko bake eta berradiskidetzean bilakatu duena.
Bizitzan aurrera egiteko beharrezkoa ei da arbasoei berba ematea, eta Gernikak hala egin du.
Duela 81 urte bizitako bonbardaketa ahanzturan ez geratzeko, lekukoei eman die hitza; horiek baitira urteurrenez urteurren eta egunez egun aitorpena merezi dutenak. Horiek baitira 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoaz sentimendu eta bizipenetatik hitz egin dezaketenak.
– Memoriaren ibilbidea aurkeztu duteneko argazki galeria ikusteko sakatu hemen –
Memoriak lagun dezake etorkizuna behar bezala eraikitzen, eta lekukoen testigantza biziak dira guztien memorian betirako gordetzea ahalbidetu dezaketenak. Informazioa jaso eta bildu egiten du memoriak, eta gauza bera egin du Gernikak;
duela 81 urteko ezbeharra bizi zutenen adierazpenak argibide-tauletan jasoz.
Guztira, 11 taula jarri ditu herriko toki ezberdinetan, eta horiekin guztiekin ibilbide historiko bat sortu du, memorian barneratzeko eta ibiltzeko aukera eskainiz. Historiaren kontakizunetik haratagoko aukera ematen du; lekukoek bizi eta ikusi zutena, horiei laguntzen aritu zirenen aipamen… azaltzen ditu. Gainera, teknologia berriez baliatuz, QR kodearen bitartez bonbardatu aurreko Gernika nolakoa zen ezagutzeko aukera ere ematen dute.
Ahanzturaren aurkako ibilbidea da gaur aurkeztu dutena; gehienez, ordubetean egiteko modukoa. Aurkezpenean egon dira, besteak beste, 1937ko
sarraskitik bizirik irtetzea lortu zuten zenbait herritar ere:?Jose Maria Salutregi, Ander Zameza, Javier Alberdi, Luis Iriondo, Aurelio Diego, Paco Garcia. Aurkezpenaren ostean, Pasealekuko babeslekua ireki dute, eta berau bisitatzeko aukera izan dute zorigaiztoko egun hartako lelukoek zein herritarrek.
Hain justu, toki hauetan jarri dituzte aipatu
taulak: Batzarretxean, Pasealekuan, Erian, frontoi zaharrean, Astran, tren geltokian, Andra Mariako babeslekuan, Suak eragindako Agonia eskulturaren ondoan,
George Steeren bustoaren ondoan, Picassoren Gernica koadroaren ondoan eta Foru plazan.
Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok azaldu duenez, “memoriaren, biktima eta bizirautea lortu zutenen duintasun indibidualen zein Gernikako herriaren duintasunaren ibilbide historiko bat da”.
Memoria, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuaren zuzendari
Aintzane Ezenarrok ere
memoria bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu du; “aurrera begira halako gehiago gertatu ez dadin eta, gainera, biktimen eskubide bat delako”.
Iraganari erreparatuz, eta gaurkoari garrantzia emanez errotuko da etorkizuna; eraikiko da geroa. Eta hori eginda gogoratu ahal izango dute atzokoa momentua bizi zutenek zein ez zutenek.
Atzo Gernika zena, gaur da beste bat. Bonba batek eragindako heriotza gauza bera delako 1937an zein 2018an.
Albiste honekin lotura daukate: